Martxoaren 7a. Manex Mujika

Gure batxilergoko ikasleek greba egin zuten martxoaren 8an. Baina martxoaren 7an lan egin zuten, eta ondo gainera. Iaz ikaskide eta irakasleoi emandako hitzaldien bidetik, DBHko ikasleei antzerki laburrak eskaini zizkieten egunerokoan ikusezin egiten zaizkigun mikromatxismoak azaleratuz. Ondo. Eta egin zutena ikusita, gure ikasleez harro sentitu nintzen beste behin. Selektibitatean hamar bat ateratzen dutenean bezala, baino gehiago.

Horregatik igaro nuen egun osoa, gero esatera ausartu ez nintzen diskurtsoa pentsatzen: «Matematikako klasea hasi baino lehen zoriondu egin nahi zaituztet. Zoriondu egin nahi zaituztet neskak, guztion aurrean jarri eta errespetuz baina zorrotz, lezio txiki bat eman diguzuelako. Eta zoriondu nahi zaituztet mutilak, albora pauso bat eman eta, nabarmendu gabe, hor egoten asmatu duzuelako.

Begira, oso pozik nago, pozik nago batez ere, borrokatzeko gogoz ikusi zaituztedalako eta, ametsik ez duzuela esaten dizuetenen gainetik, jendarte justuago bat lortzeko lan egiteko prest zaudetela erakutsi diguzuelako.

Eta egin zutena ikusita, gure ikasleez harro sentitu nintzen beste behin. Selektibitatean hamar bat ateratzen dutenean bezala, baino gehiago

Hara, zuen adinean guk borroka bat geneukan, bat eta bakarra, eta hemen gaude orain, arazo hura konpondu gabe eta beste mila gainean ditugula.

Horregatik, nik ez dizuet esango zeren alde egin behar duzuen lan, milaka arrazoi daude, baina egin. Sortu dugun mundu hau «mierda» bat da eta den bezalakoa egin dugunok ez dugu konponduko.

Sentitzen dut, ez da zuen errua baina tokatu egin zaizue».

2019/04/05

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.