Axular Lizeoaren omenez egin dute lehen txotxa Katxola baserrian

Munto baserritik berreskuratutako dolarean egindako sagardoa dastatzeko aukera izan zuten Katxola baserrian larunbatean.

Katxola baserrian egindako sagardoaren lehen txotxa egin dute.

Jai giro ederrean ospatu zuten larunbatean sagardo apurua Katxola baserrian. Aurten, 50 urte bete dituen Axular Lizeoari eskaini diote lehen txotxa.

Irailean hasi zuten Katxola baserrian sagardoaren ekoizpenaren prozesua. Ikasturtearen hasieran sagar bilketa egin zuten, eta urrian zanpatu zituzten fruituak, baserrian egin zuten Sagar Festan. Ateratako zukua 250 litroko bi upeletan sartu zuten orduan, ‘Miguel Gallastegi’ eta ‘Manuel Matxain’ izenekoetan, hain zuen. Bat gaztainondo zurarekin egindakoa da, eta bestea, haritzaren egurrarekin egindakoa.

Munto baserritik berreskuratutako dolarean egindako sagardoa dastatzeko aukera izan zuten Katxola baserrian larunbatean. Gainera, festan parte hartu zuten adin guztietako pertsonek hainbat jarduera egiteko aukera izan zuten: bolo jolasak, sokatira, puzzle erraldoiak, txalaparta, eta abar. Lantxabe auzo elkartekoen esanetan “azken aldian Katxolan izan den festa bereziena” ospatu zuten larunbatean. Maider Lasak gidatutako trikitilari eta panderojole taldeak girotu zuen arratsaldea, eta Mikel Eguren Axular Lizeoko presidenteak izan zuen lehen txotxa egiteko ardura, ikastolaren 50. urteurrena omentzeko.

Irati Salsamendi

2019/03/11

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.