MUGIkortasuna Dbizirekin Aieten

Aieteko Axular Lizeoko Axular News Taldeak mugikortasunaren gaiari heldu dio, eta, bereziki, euren auzoan zein ikastetxean gehien erabiltzen den garraio mota zein den aztertu du. Horrela, bizikleta eta garraio publikoa erabiltzearen beharra nabarmendu dute, eta bide horretatik jarraituko dute.

ikasleen-hitza1Ikasle bat, Dbizi zerbitzuko bizikleta bat erabiltzen. (Argazkia: Axular)

Axular News Taldea: Iker Lopetegui Gonzalez, Nahia Echenagusia Amonarraiz, Maria Arraztio Fernandez eta Katixa Soroa Chung Sang

Historikoki gertatu den legez, gizakiak bere beharrizanetara egokitu ditu garraiobideak. Horietariko batzuk, iraganekoak esango dugu dagoeneko, ondorio kaltegarriak izan ditzakete gure ingurunean. Hala nola, kutsadura akustikoa, poluzioa… Beste hainbatek, zorionez, aukera jasangarri eta oparoak suposatzen dituzte gure ingurumenean eta guk horiek aurkeztuko dizkizuegu gure ikastola bisitatzera etorri nahiko bazenute, aztarna ekologikorik utzi gabe egin dezazuen.

Zer ikusi, hura ikasi!

Axular Lizeoa Ikastolako filosofiaren baitan aztarna ekologikoaren gaineko kontzientzia garatzea eta ingurumena zaintzea dago. Hori sustatzeko, Agenda 2030eko hainbat saio egiten ditugu geletan, jasangarritasunaren aldeko ikastolako konpromisoen dekalogoa ezarri dugu eta gure egunerokotasunean ohitura garbiak bermatzen ditugu eskola jasangarriaren kalitate irizpideak aintzat hartuz. Guk ere gizartean kontzientzia plan sakon bat behar dela uste dugu eta jarrera aktibo hori eskertzen diogu ikastolari.

ikasleen-hitza

Dbizi zerbitzuko tresna bat. (Argazkia: Axular)

Gure auzoa, Aiete, Donostiako puntu altuenetariko batean dago. Hona igotzeko, bizilagunek garraio publikoko zerbitzuak erabiltzen dituzte maiz. Kalean zehar galdeketa motzak egin ostean, zera esan genezake: gazteen artean erabiliena Dbizi bizikleta berriak dira, bai elektrikoak zein mekanikoak; helduen artean, aldiz, Mugi txartela, hau da, autobus edo trenaren erabilera.

Bizikleta oso popularra den aukera bat bilakatu da azken urteotan. Hori dela eta, hiriko leku desberdinetan topaleku gehiago jartzen hasi da udala. Guk, Axular Lizeotik oso gertu dugu topaleku horietariko bat, horregatik sarri erabiltzen dugu etxetik ikastolara etortzeko, edo alderantziz. Gainera, ikastolako eremu pribaturaino sar zaitezke zure bizikleta pertsonalarekin eta barruan aparkatu dezakezu oso modu seguruan. Horrez gain, bizikletak konpontzeko puntu jasangarri bat ere badugu ikastolan, duela dagoeneko pare bat urtez. Bertan, gurpilak puztu, presioa gainbegiratu, eta piezak aldatu ditzakegu. Ikasle ikuspegitik behintzat, bizikleta da aukerarik aproposena eta erabilera esanguratsua du gure mugikortasunean.

Azkenik, inpaktuaz dihardugunez, gure familien poltsikoetan ere pentsatu dugu eta eragin txikia duela uste dugu. Aizue, dena izan behar dugula kontuan!

Deja un comentario