Euskararentzat mugarria

Euskararen normalizazio prozesuan mugarria izan da Euskaraldia. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskal Herriko hamaika txoko ahobiziz eta belarriprestez bete dira, eta berdina gertatu da Donostian baita ere. Milaka herritarren babesa jaso du dinamikak gure hirian, eta eragile eta instituzioen konpromisoa ere, ezinbestekoa izan da.

Bukatzear dagoen urtearen hasieran ekin zioten Euskaraldiari forma ematen Donostian. Tabakaleran aurkeztu zuten maiatza hasieran proiektua, eta herritarrek, eragileek eta erakundeek bat egin dute egitasmoarekin. Aurkezpenean, Donostiako hamaikakoa ere aurkeztu zuten, zenbait auzo, genero, adin eta alorretako pertsonek osatutako taldea, alegia.

Datuei begira jarrita, Otamendik uste du emaitzak oso onak izan direla Donostian. Izena emateko bi baldintza bete behar zituzten partaideek: 16 urte baino gehiago izatea eta euskara ulertzeko gai izatea. Donostian 17.659 pertsonak eman dute izena, eta horietatik 12.849 ahobiziak izan dira eta 4.800 belarriprestak. Auzoetako parte hartzeari dagokionez, Antiguan erregistratu dira izen emate gehienak, 13%a, hain zuzen. Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %73a emakumezkoak izan dira. 30 urtetik beherakoen parte hartzea, aldiz, %22koa izan da.

Auzo bat, errealitate bat

Donostiako Euskaraldian egin dituzten jarduera guztiez gain, auzoetan ere nabarmena izan da Euskaraldiak utzi duen arrastoa. Bagera elkarteko Maddi Juanikorena buru belarri ibili da auzoetan garatu dituzten dinamikei lagun egiten, eta azaldu du auzo bakoitzak oso errealitate soziolinguistiko desberdina duela, eta horregatik, zaila dela neurtzea

Euskaraldiak bakoitzean izan duen inpaktua. Hala ere, orokorrean, auzoetan «oso lan txukuna» egin dela aitortu du, eta uste du euskalgintza indartuta atera dela Euskaraldiatik.

Auzo askotan aurrera begirako aletxo bat jarri, eta euskalgintza indartu egin dela baieztatu du. Euskaraldiak auzoetan euskararen alde martxan zeuden dinamikak indartzeko balio izan du, eta etorkizunera begira lanketa berriak egiteko abiapuntu gisa ikusten du Euskaraldia Bagerakoak. Orain arte euskararen alde egiten ziren jarduerak egonkortzeaz gain, Euskaraldiaren metodologiak aukera berriak zabaldu dituela baieztatu du.

Antolatzaileek abiapuntu gisa planteatu dute Euskaraldia. «Euskaraldiaren metodologiak eremu berri askotara iristeko aukera eman digu, baina, esparru gehiagotara iristeko erronka daukagu». Ariketa sozialak herritar askorengan «kontzientzia hartzea» eragin duela azpimarratu du Otamendik, eta aurrera begira «maila mikroetan» eta «aurrez aurre» lana egiten jarraitzeko beharra adierazi du. «Euskaraldiak eragin duen olatuaren txanpa aprobetxatu behar dugu, eta 2019ak gai hau jorratzen jarraitzeko urtea izan behar du».

Abe 28, 2018 Nork: Irati Salsamendi, aterakinak

Aietearren parte hartzea, datutan

Ahobiziak: 801; Belarriprestak: 271;Parte hartzaile kopurua: 1072

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.