Juan Rulfo, Pedro Páramo

ESUKERA PEDRO PARAMOIzen osoa Juan Nepomuceno Carlos Pérez-Rulfo Vizcaíno

Juan Rulfo edo Juan Nepomuceno Carlos Pérez-Rulfo Vizcaíno (Sayula, Jalisco, 1917ko maiatzaren 16a – Mexiko Hiria, 1986ko urtarrilaren 7a) Mexikoko idazlea eta argazkilaria izan zen. Errealismo magikoaren aitzindaria izan zen, «Pedro Páramo» eleberria izanda bere lanik ezagunena.

Biografia

Zortzi urte zituela aita galdu zuen eta sei urte geroago, ama. Beraz, eskola eta umezurztegietan igaro zuen haurtzaroa. Kontularitza eta lege ikasketak egin zituen. Literatura pixka bat ere ikasi zuen, baina bere kasa landu zuen gehienbat. Ikasketak amaituta, lanean hasi zen, administrazioan, batetik, eta zinemarako eta telebistarako gidoiak idazten, bestetik. 1962an lanpostua lortu zuen Mexikoko Institutu Indigenistan. 1973an Mexikoko Letretako sari nazionala irabazi zuen eta Miguel de Cervantes saria gero. Rulfok bi obra besterik ez zituen idatzi bere bizitzan, baina hala ere, haren obraren laburtasuna gorabehera, Latinoamerikako XX. mendeko idazle onenetakotzat hartzen da.

1953an argitaratu zuen bere lehenengo lana, hamabost ipuinen bilduma bat: El llano en llamas («Lautada sutan», Koldo Etxabek euskaratua). Kontakizun horietan lur gogor erraustuak, eta herri hustu hondatuak azaltzen dira, hilak ia ez beste inor bizi ez direnak. Herri horietan bizi den jendea miseria gorrienean bizitzera kondenatuta dago, handik ihes egitera, edo krimenera, bestela. Miseria fisikoak era guztietako miseria moralak sortzen ditu ondotik: sineskeriak, gorrotoak, krimenak, mendekua… Etsitako mundu gogor bortitza da, gosearen, bakardadearen eta heriotzaren mendekoa, fantasmagoriazko mundu oniriko bat.

Ezaugarri horiek guztiak agertzen dira, baita ere, haren eleberri laburrean, Pedro Paramo (1955), Latinoamerikako errealismo magikoaren obra interesgarrienetako bat.

Eleberri errealistatzat har daiteke garai historiko jakin batean gertatzen delako, baina kontakizunak, denborazko plano desberdinetan banatuta, hautsi egiten ditu linealtasuna eta hurrenkera. Eleberri konplexu bat da, atal txikiez osatua, irakurleak modu egokian elkartu beharko lituzkeen puzzle baten zatiak balira bezala.

Rulforen obrak aldaketa handia eragin zuen eleberrigintza errealistan, nekazari girokoa eta asmo sozialekoa. Haren gaiak errealismoarenak berak dira neurri handi batean, baina gai horiek tratatzeko modua guztiz berria da: Rulfo desagertu egiten da kontakizunetik, baina gauzak sakontasun handiagoz erakusteko, bere biluzi errukigabean, edo pertsonaien beraien bidez, arrasto ezabaezina utziz irakurlearengan. Bestalde, gai unibertsalak eta gizaki guztiak ukitzen dituztenak erabiltzen ditu: oinazea, itxaropen hautsiak, bakardadea eta heriotza. Heriotzak, bizitza barren-huts bateko ifrentzua bezala, haren literatur lan guztia zeharkatzen du bere presentzia tematiaz. Rulfok, gainera, teknika narratibo berriak erabili zituen: kontakizunaren kronologiaren bilakaera hausten du, barne bakarrizketak erabiltzen ditu, eta elkarrizketak tartekatzen bat-batean, ikuspegia aldatzen du ustekabean, eta abar. Haren idazkera labur-zalea, ia lehorra, herri hizkuntzan eta hizkeran oinarritua baina oso landua Faulknerren eragin nabarmenekoa da.

Deja un comentario