Loreontziko natura

Bonsai ikastaroan ikasle eta elkarteko kideak elkartzen dira. FOTO MG

 Zer esan nahi duen bonsai hitzak, barruko edo kanpoko landareak ote diren… horiek eta beste galdera asko erantzuten ari dira asteotan Aieteko parkean. Hain zuzen ere, Donosti Club Bonsaiko kideak ematen ari diren ikastaroan zalantza horiek argituko dituzte.

Bonsai hitzak loreontziko natura edo erretiluko landarea esan nahi du. Lur gutxiko ontzietan hazten diren zuhaitzei, zein hauek horrela mantentzeko teknikari, egokitzen zaien izena da. Ikastaroaren lehen saioan, besteak beste, hori eman zuen jakitera Donosti Club Bonsai elkarteko Iñaki Basurtok, era praktiko eta sinplean.

Tailer moduan antolatuta, beste hiru saio izango ditu ikastaroak. Elkarteko kide Carmen Urretabizkaiak azaldu duenez, oraindik ere izena eman daiteke datozen hiru eskoletan parte hartzeko. Aieteko parkean duten egoitza gauzatzen ari dira ikastaroa, ostegunetan, 19:00etan. Parte hartu nahi duenak 943-21 82 19 telefonoan, edo bertatik pasata eman dezake izena.

Denbora behar duen teknika

Pago txikia du eskuartean. Basurtok adibide praktikoarekin osatu nahi ditu bere azalpenak. «Helburua zuhaitza osasuntsua izatea da, baina ez dadila hazi». Horrela laburbildu du berez 30 metroko altuerara irits daitekeen zuhaitza loreontzian mantentzeko teknika osoa.

Urretabizkaiak, berriz, bonsaien zainketaren inguruko beste alderdi bat argitu nahi du. Bere ustez, ez da teknika zaila; bai, ordea, denbora behar duena. «Horregatik ibiltzen dira gizonezko gehiago honetan sartuta, emakumeok aisi denbora gutxiago izan ohi dugulako».

 Bide batez, Urretabizkaiak erantzun du hasierako bigarren galdera. Bonsaiak kanpoko landareak dira. «Txikiak izanik ere, zuhaitz izaten jarraitzen dute, eta zuhaitzak kanpoko aldean jaio eta hazten dira».

 Mikel Goñi / HITZA/2011/03/23

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.