Archivo de la etiqueta: kirolak

“Niretzat amets baten modukoa da; ez nuen halakorik espero”

Pablo Martinez (Aiete, 1993) Esgrimako Munduko Koparako sailkatu da, 20 urtetik beherakoentzako kategorian. Fortunako kide da Martinez eta Alemaniako Dormagen hirian jokatuko duten lehian izango da, abenduaren 4ean. Bere kategorian jokatutako sailkapen probetan egindako lan bikainari esker lortu du Koparako txartela eta Estatuko beste zazpi tiratzailerekin batera parte hartuko du.

 Nolakoak izan dira Munduko Koparako txartela lortzeko sailkatze probak?

 Espainiako zortzi tiratzaile onenen artean geratu behar nuen, hainbat txapelketa jokatu ostean. Duela hiru aste Madrilen izandako azken proban, dena nuen jokoan, zortzigarrenaren eta zazpigarrenaren puntu berdinak nituelako. Gauzak ez zitzaizkidan espero bezain ongi irten, urduri jarri bainintzen. Hala ere, zortea izan nuen, aurkariek ez baitzuten euren egun onena izan eta azkenean sailkatzea lortu nuen. Asko poztu nintzen sailkatzea lortu nuela ikustean eta Munduko Kopara joan nintekeela jakitean. Orduan, lehenengo gauza nire entrenatzaileari deitzea izan zen.