Zer esan nahi duen bonsai hitzak, barruko edo kanpoko landareak ote diren… horiek eta beste galdera asko erantzuten ari dira asteotan Aieteko parkean. Hain zuzen ere, Donosti Club Bonsaiko kideak ematen ari diren ikastaroan zalantza horiek argituko dituzte.
Bonsai hitzak loreontziko natura edo erretiluko landarea esan nahi du. Lur gutxiko ontzietan hazten diren zuhaitzei, zein hauek horrela mantentzeko teknikari, egokitzen zaien izena da. Ikastaroaren lehen saioan, besteak beste, hori eman zuen jakitera Donosti Club Bonsai elkarteko Iñaki Basurtok, era praktiko eta sinplean.