2020an Donostia izan zen gutxien birziklatu zuen herria

Eguzkik 2020ko San Marko Mankomunitateko datuak aztertu ditu. Donostia izan zen datu baxuenak zituen herria, eta ardura udalarena dela eta sistema eraginkorrak behar direla azpimarratu dute.

Eguzki talde ekologistak Donostiako gaikako hondakinen inguruko datuak aztertu ditu. Azkenaldian, herritarrak kontzientziatzeko birziklapenaren aldeko kanpainak ugaltzen ari direla dio taldeak, baina “itxurakeria” eta “greenwashing” egitea egotzi die erakundeei.

San Marko Mankomunitateko 2020ko datuak kontuan hartuz, Donostia izan zen gutxien birziklatu zuen herria. Hiriko hondakinen %43 besterik ez zen bildu gaika eta mankomunitatearen batez bestekoa %52koa izan zen. Astigarraga, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta etaUsurbil dira beste herriak eta Lasarte-Oria izan ezik guztiak kokatzen dira bataz bestekoaren gainetik. Horren gain, elkarteak gogorarazi duenez, San Marko da Gipuzkoako gaikako bilketa gutxien egiten duen mankomunitatea. Gipuzkoako bataz bestekoa %57,98koa da eta Donostia hamabost puntu azpitik egon zen.

Bestetik, Eguzkiko kideen ustez, hau ez da “kontzientziazio-kanpainak” ugaltzen konponduko eta ez dago herritarren kontzientzia ekologikoaren esku. Neurri eraginkorrak hartzeko beharra azpimarratu dute: ‘sistemaren eraginkortasuna erabakigarria da’.

Azkenik, udalak birziklatzearen erantzunkizuna herritarron esku uzten duela egotzi diote. “Itxurakeriak” alde batera utzi eta beraiek kontzientziatu daitezela eskatu diote.

2021/07/26

Oihane Arretxea Bereziartua

Deja un comentario