Zabalik da Aieten Matxaini buruzko erakusketa

Martxoaren 3a arte ezagutu daiteke hobeto bertsolaritzan, joko eta kiroletan eta auzogintzan nabarmendu zen gizona

Ikusgai dago honezkero Aieteko Kultur Etxean Manuel Matxain auzokide zenari, haren jaiotzaren mendeurrena dela eta, eskaini dioten erakusketa. Urtarrilean abiatu ziren omenezko ekitaldien zati da martxoaren 3a arte ikusgai izango den erakusketa. Jaiegun eta astelehenetan itxita dago aretoa, eta asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era dago zabalik. Larunbatetan goiz eta arratsaldez egin daiteke bisita (10:00-14:00 / 16:30-20:00) eta igandeetan, berriz, goizez bakarrik (10:00-14:00).

Pedro Manuel Matxain Ezpeleta 1916an jaio zen Aieteko parrokiaren ondoan dagoen etxean. Garai hartan Aieten 60 baserri inguru eta dozena bat sagardotegi zeuden. Baserri giroko auzo bat zen, nahiz eta Donostiako Erdialdetik gertu egon. Geroago, urte gutxitan, erabat aldatu zen Aiete, eta bertatik bertara ezagutu zuen hori Matxainek.

Hamabost urterekin, Gipuzkoako Infantilen Txapelketa irabazi zuen Tolosan. Handik aurrera Uliako Gimnastikan hasi zen korrika, eta txapelketa ugari irabazi zituen. Lehenengo toka txapelketa ere hamabost urterekin irabazi zuen, Herreran.

Hemeretzi urte zituela, 1936ko Gerra Zibila hasi eta Frankoren aurka boluntario joan zen. Espetxean preso egon ondoren, hainbat urtez derrigorrez langile batailoian egon zen. 27 urterekin itzuli zen Aietera.

Tokan jarraitu zuen; batez ere, herriz herri ibili ohi zen, herriko festetan sari ugari irabaziz. Bola mundua ere gustatu eta pixkanaka hartan hasi zen. Lehen bola lehiaketara 28 urterekin aurkeztu zen. Handik aurrera, inon diren txapelketa guztiak irabazi zituen, bai tokan eta bai bolotan: Gipuzkoako Txapelketa, Espainiakoa, Erregulartasunarena, Binaka …

Bertsotarako grina txikitatik izan arren, 1960ko hamarkadan hasi zen bertso jartzen. 1963 urtean, Donostiako ostatu batean, ilunabarreko hamarrak aldean, Matxain bi lagunekin elkartu zen eta apustua egin zuten nork bertso hobeak jarri. Hiru txuleta jokatu zituzten. Eta erabakitzeko, bertsoak Euskaltzaindira, bertso-paper txapelketara bidaltzea erabaki zuten. Bigarren saria irabazi zuen aldi hartan Matxainek, Arantzazuko Amari jarriak.

Geroztik bertso sail ugari argitaratu zituen Zeruko Argia-n, La Voz de España-n eta El Diario Vasco-n Basarriren sailean eta bai Goiz-Argi-n ere. Alde batetik bertsolari zaharren gaiak landu zituen, fedea, baserria, euskara…etabar. Eta baita ere garaiko gaiei buruz, kronista bezala, bertso paperetan aritu zen.

Iñaki Eizmendi Basarriren lagun handia izan zen eta bertso hauek egin zizkion:

O, lagun Matxain, nik galdetzen det:

zuk barren ortan zer dezu?

Gure Jainkoak ainbat birtute

batera eman dizkitzu:

bertso-jartzaile txit egokia,

buruz argi ta jakintsu,

bolarietan lehenengo mailla,

tokan errege ta maixu,

txalogarriak iñon badago

txalogarria zera zu

Azkenik, 1969ko otsailean, bere bertsoak bilduz, liburu bat ere argitaratu zuen, ‘Uste gabean’ izenekoa, Auspoa saileko 84 zenbakia.

Urte berean Japoniara joan zen, euskal jokoen erakusketa bat egitera hango telebista batean. Lau lagun joan ziren: Matxain, Soarte, Usategieta eta Rafael Agirre Franco. Oso gustura itzuli ziren handik.

1992 urtean, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion. Omenaldi ugari egin zizkioten, bai toka eta bola munduan -Aieten, Herreran, Ibarran … -eta bai bertsolaritza munduan ere: 1994, Bertsolari eguna; 1995, Euskararen Udal Patronatuak besteak beste.

Auzoan beti esan dute oso pertsona umila eta ona zela. Beti zegoela laguntzeko prest, oso gertukoa zela, euskaltzalea eta auzoarekin oso lotura estua izan zuena.

El Diario Vasco 7 febrero 2017

Deja un comentario