Argia Miramongo basoan

Miramongo basoa egokitzeko lanak abian dira dagoeneko. Batzar Nagusien eta Eureka zientzia museoaren arteko pasarela ere zabaldu dute. Urte amaierarako prest egongo da guztia.

angel

Angel Alberdi, Lantxabe auzo elkarteko kidea.

katxola foto 1

Katxola eta anfiteatrora doan zubiaren behealdean dago berreskuratu nahi duten urmael hau.

Urteak daramatza Aieteko bizilagun talde batek Miramongo basoaren balioa eta erabilera egokia bermatu nahian. 70 bat hektarea ditu basoak, eta inguruko bizilagunez gain, donostiar askok aisirako, kirola egiteko edo, besterik gabe, naturaz gozatzeko aukeratzen duten txoko bat da.

Basoa denentzat erabilgarria izateko, ordea, egokitu beharra dago, eta horretan ari dira.

Batetik, pasarela berri bat egiten ari dira, Illunbe ingurutik sarrera izango duena, eta Mikeletegi inguruan aterako dena; Ikusi enpresaren behealdean.

Bigarren berritze nagusia, Pakea errekako urmaela berreskuratzea izango da. Gaur egun, erabat utzia dago, zikina. Zientzia eta Teknologia parkearen hedatze lanen ondorioz lur hondakin asko sortu zen, eta Miramongo basoko hiru errekak guztiz zikinduak gelditu dira.

Orain, pilatutako lurrak kenduko dituzte, eta ur zikinak ere hodien bidez bideratuko dituzte. Urmaela, bertako uraren kalitatea, eta ondorioz, bertan bizitokia sor dezaketen animaliak ere berreskuratzea da helburua. Aieteko Gallastegi frontoiaren eta anfiteatroaren inguruan dago urmaela.

Bi lan horien ondoren, basoa bera txukunduko dute. Oso zabala da basoa, eta inguru batzuetan, urteen poderioz neurri gabe hazi da landaredia.

Sasi eta sastrakak mozteaz gain, 195 bat zuhaitz botako dituzte, ez direlako ingururako egokiak. Bertako zuhaitzekin hornitu nahi dute basoa. Horretarako, urritzak, pagoak eta bestelako espezieak bere horretan utziko dituzte. Eta landaretza aberasteko asmoz, haritz landaketa berriak ere egingo dituzte.

pasarela

Hala azaldu du Angel Alberdik, Aieteko Lantxabe auzo elkarteko kideak. Miramongo basoaren birmoldaketa lanen jarraipena egiteaz arduratzen den batzordeko kide ere bada Alberdi. Asko maite duen ingurua dela aitortzen du. Grosekoa izan arren, urte asko daramatza Aieten bizitzen, eta maiz joaten da Miramongo basora. Ramonene baserrikoa zuen amaginarreba, eta ondo ezagutzen du ingurua.

Alberdi ez da basoa parke tematiko bat bihurtzearen aldekoa. Dagoen moduan gustatzen zaio berari basoa: zabala, anitza, naturala. Baina ohartua dago, herritar guztientzako erabilgarria izateko egokitze lan batzuk egin beharra dagoela: “Donostiar askok ez dute Miramongo basoa ezagutzen, eta altxor bat da. Guztiei eskaini nahi diegu inguru honetaz gozatzeko aukera”. Horrek jende gehiegi erakarriko ote lukeen galdetuta, ez du zalantzarik: “Jende asko etortzen bada, seinale ona izango da, ondo dagoen eta erakargarria den seinale”.

Landaretza txukuntzeaz gain, baso guztiko bideak ere egokituko dituzte, ibilbideak antolatzeko seinaleak jarriz, esaterako.

Orain ere aukera ugari eskaintzen ditu basoak. Punta batetik bestera egokitutako bideak daude, baina ez agian egoki seinaleztatuak. “Zelaia nahi duenak zelaia, eta basoan, zuhaitz artean galdu nahi duenak ere badu hemen non ibilia. Bi ordu eta erdiz ibil zaitezke, punta batetik besteraino“, dio Alberdik.

Basoa zabala izan arren, ez dagoela animalia asko uste du Alberdik. Erreketako ur kalitate txarrarengatik dela uste du. Dena den, euri uren eta ur zikinen hodiratzea egitean egoera aldatzea espero du. Gainera, basora animalia gehiago erakartzeko habiak eta jantokiak ere jarriko dituzte.

Txukuntze lan guztiak urtea amaitzerako bukatzea aurreikusi dute. Gustura azaldu dira auzo elkarteko kideak. Gustura proiektuarekin, eta egokitze lanak egiten ari diren sentsibilitatearekin: “Badakit askori ez zaiola ondo iruditzen pasarela bat egiteko basoan makinak sartzea, zuhaitzak botatzea. Niri ere min egiten dit, baina onerako izango dela uste dugu. Basoari ahalik eta kalterik txikiena egiteko ari gara zintzo lanean”.

Eguzkik, esaterako, salatu izan ditu haritz mozketak.

entrada

Pasarelak sortu du kexa

Orohar, Aieteko auzo elkartea pozik dago Miramongo basoko birgaitze planarekin. Baina badute arantza txiki bat. Batzar Nagusiak eta Eureka zientzia museoaren ingurua lotu dituen pasarela berria ez dela beharrezkoa uste dute.

Joan den astean inauguratu zuten 215 metroko pasabidea. Gehienbat Basque Culinary Centerreko ikasleek erabiliko duten egoitza-hotela zientzia parkera hurbiltzeko asmoz eraiki dute.

Lantxaberen ustez, ordea, erabilera urria izango du: “Ez du funtzio argirik. Gainera ez dio basoari ekarpenik egiten, ez baitu bistarik ere. Alferrikako diru xahutzea izan da”, dio Alberdik.

Udalak 820.000 euro bideratu ditu Miramongo basoa birgaitzeko. Eta zaku horretatik “soilik Zientzia eta Teknologia parkearen mesederako” diren lanetarako zati bat erabiltzea ez dute egoki ikusten auzo elkarteko kideek.

Azken urteetan parkeak “hainbat hozka” egin dizkio basoari, baina hedatze hori amaitutzat jo du Alberdik.

Guztiek gozatzeko inguru bikain bat” sortuko dutela sinetsita daude, eta aurrera begira badituzte ideia gehiago ere, aukera asko eskaintzen baititu basoak.

Texto eta Argazkia Agurtzane Altuna

logoa-irutxulo

Deja un comentario