
Santurtzik sekulako itxura zuen. Euskal Eskola Publikoaren urteroko jaia ospatzen ari ziren milaka lagun herrian zehar. Ospakizun gune bakoitza toperaino zegoen.
Festak Aiete Ikastetxeko ordezkaritza bat ere bazuen Bigarren Hezkuntza Publikoa eskatzeko eta baita Auzorako Institutu bat ere. Taldeak banderolak zabaldu zituen eta honekin batera doan gutuna eman zion Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosari elkarrizketa bat eskatzeko. Honek bere taldeari bidali zion.
Eskariak, gainera, bat egiten zuen sailburuak Santurtzin adierazitako mezuarekin berarekin. Sailburuak azpimarratu zuenez, «Hezkuntza ez da orainaldirako bakarrik prestatzen. Etorkizunari ere bidea irekitzen dio. Eta herrialdeak ez dira eraikitzen dituzten azpiegiturengatik bakarrik definitzen, baita sortzeko gai diren belaunaldiengatik ere «
Aietek eskola-eremu propioa eskatzen du, gazteen etorkizuna auzoan eta euskal sare publikoaren barruan ere eraiki ahal izateko.
Eskerrik asko zure arretagatik

Begoña Pedrosa gutuna
Begoña Pedrosa Lobato
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Sailburu agurgarria:
Gureak egiten ditugu iazko martxoaren 31n prentsan argitaratutako zure hitzak: “Hezkuntzak dena aldatzen du. Bideak irekitzen ditu, talentuak esnatzen, loturak sendotzen, pertenentzia-zentzua ematen…”. Erabat partekatzen dugu gizarte libre, kohesionatu eta etorkizuna duen baten oinarri gisa hezkuntza ulertzeko ikuspegi hori.
Era berean, interes handiz irakurri dugu Muriel Larrea Lasori Gasteizen, 2026ko maiatzaren 28an, emandako erantzun parlamentarioa; bereziki, Hezkuntza Sailaren eta Donostiako Udalaren borondatea dela udalerriko auzoetako eta haien eragin-eremuetako hezkuntza-eskaintza hobetzen jarraitzea adierazten duzunean. Konpromiso instituzional horrek benetako itxaropena irekitzen dio Aieteko eskola publikoari.
Dakizunez, Aiete Ikastetxea auzoko lehen hezkuntzako eskola publiko erreferentziala da, ikastetxe itunduen presentzia oso handia duen ingurune batean. Haren sorrera posible izan zen Lantxabe auzo-elkartearen, familien eta auzoko beste eragileen bultzada bateratuari esker. Gaur egun, ikastetxea erabat finkatuta dago, lidergo pedagogikoan, hezkuntza-bikaintasunean, ekitatean, gizarte-kohesioan eta etengabeko hobekuntzan emaitza oso positiboak dauzkalarik. Hala ere, ikastetxeko instalazioak txikiak geratu dira.
Beraz, Aieten Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko eskaintza publiko baten bidez proiektu horri jarraipena emateko unea iritsi da. Aukera bideragarriak badaude: Jesuitinen eraikina, edo Pagolan nahiz Bera Beran hezkuntza erabilerarako aurreikusitako lursailak.
Eusko Jaurlaritzak “Hezkuntza Eraiki 2030” bitartez eskola publikoaren azpiegiturak indartzeko iragarritako inbertsioak proiektu honi berme osoz heltzea ahalbidetzen du.
Sailburu agurgarria, Aieteko eskola eta auzo-komunitatea prest dago proiektu hau bultzatzeko.
Horregatik, protokoloa alde batera utzita —eta horregatik barkamena eskatuz—, Santurtzin euskal eskola publikoaren festa hau ospatzen dela baliatuta, hurrengo egunetan zurekin bilera bat izatea eskatu nahi dizugu.
Adeitasunez,
insti.aietekolektiboa@gmail.com
Aieteko Institutua Bai
(Aiete Ikastetxeko Zuzendaritza, IGE eta Eskola Kontseilua; Lantxabe, Aieteko auzo-elkartea).
