Hauteskunde kanpaina eta Donosti Cup

Uztaileko lehenengo astean Donosti Cupeko txofer izatea tokatu zitzaidan; semea eta bere lagunak futbol partidetara eramatea, alegia.

Festa polita iruditu zitzaidan. Ez dakit zenbat herrialdetako 10.000 ume eta gaztetxotik gora, Gipuzkoa osoko futbol zelaietan barrena baloiaren atzetik korrika, bakoitza bere kolore, hizkuntza eta mundua ulertzeko moduarekin.

Bai, festa polita iruditu zitzaidan baina…

Baina futbola. Eta tokatu zitzaidan ikustea 12 urteko umeak epaileari sekulakoak esaten, 16 urteko gaztetxoak parekoari lekuz kanpoko sarrerak egiten, jarrera oldarkor eta biolentoak… Ba hori, futbola.

Eta guraso bat baino gehiago, euren 10 urteko semearen —bai, semearen—, partidako epaileari hemen idatzi ezin daitezkeenak eta bi esaten. Ba hori, futbola.

Gauza da Donosti Cupa bukatu eta kanpoan izan garela astebetez, eta, zorionez, hauteskunde kanpainaren lehenengo astea galdu genuela. Etorri, eta iruditu zait astebete atzera egin dugula. Jarrera oldarkor eta biolentoak, sekulakoak eta bi, gezurrak… Ba hori, hauteskunde kanpaina.

Eta gustatuko litzaidake, politikariak noizbait ohartuko balira hauteskundeak ez direla irabazten edo galtzen den partidu soil bat. Nahiago nuke kont ziente balira, hauteskundeetan, herritarrok nolako herri bat nahi dugun esaten diegula herri hori gobernatu behar dutenei, eta, agian, orduan, hauteskunde kanpaina bat beste zerbait izango litzateke, politikariek nolako herria amesten duten azalduz, adibidez. Imajinatzen?

Ba hori.

Manex Mujika Amunarriz

2023/07/21

Deja un comentario