
Katxolako Sagar Uztak erakargarritasun berezia du auzoko neska-mutilentzat.

Gehienak Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan dabiltzan haurrak dira, eta jarduera bakoitzaz gozatzen dute: sagarrak zuhaitzetik edo belar artetik jasotzen, haiekin jolasten, baserrira igotzen, herri musikaz eta trikitiaz gozatzen, sagarra nola prentsatzen den eta muztioa nola lortzen den ikusten, urre koloreko edari hori dastatzen eta mokadutxo batzuk jaten —gazta, txorizoa, erroskillak…—, puzzle erraldoia egiten eta adarra edo txalaparta jotzen.

Katxolako fatxadan, nekazaritza lanetarako erabiltzen zen malgukidun grada zaharretik zintzilik zegoen banderola batek zerbait garrantzitsua gogorarazten zigun: neska-mutil hauek hazi egingo dira. Lehen Hezkuntza amaitzen dutenean, beren auzoan bertan hezkuntza publikoan ikasten jarraitzeko eskubidea ere badute.

Banderolak gogorarazten zigun Aietek institutu publiko bat behar duela, eta Eusko Jaurlaritzak hori posible egin behar duela.

