Miramongo basoko harraska eta bere ingurua txukundu dituzte

Adituek baieztatu dutenez, harrizko eraikuntzak arropa garbitzeko balio zuen. Instalazioa bi piloitan banatuta zegoen. Behekoan jantziak xaboitzen ziren eta goikoan argitzen
Miramongo basoko harraska, lohia kenduta eta ikusgarriago jarrita. (Argazkia: Lantxabe)

Miramongo basoko harraska zaharra eta hara iristeko bideak txukundu egin ditu udalak, Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek azaldu duenez. Lantxabek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hala eskatu zioten Donostiako Udalari, baina oraindik eskaeretako bat falta dela gogorarazi du auzo elkartekoak: “Harraskan panel informatiboa jartzea falta da, eta espero dugu laster jartzea”. Auzo elkartearen webgunean gunearen argazki ugari argitaratu dituzte.

Alfredo Moraza (Aranzadi) eta Juan Etxeberria

2021eko ekainean aurkitu zuten harraska, Merkelin baserriko Juan Etxeberriarekin elkarlanean. Aranzadik aurkikuntza egiaztatu ondoren, zientzia elkarteak eta auzo elkarteak udalari eskatu zioten eremua babestu zezala. Perez pozik agertu da eskaera gehienak dagoeneko beteta daudelako –harraska ikusgarriago jartzea lohiak kenduta eta inguruko bideak txukuntzea, besteak beste–, baina eskatu du panela “lehenbailehen” jarri dezatela, gunea ezagutzera emateko.

Pakea errekan dago harraska, eta XIX. edo XX. mendekoa da. Lantxaberen arabera, auzoko zaharrenek gogoratzen dute han arropa garbitzen zuten emakumeetako batzuek Londres eta Maria Cristina hoteletarako eta Casa Nicolasa ostaturako latsari lanak egiten zituztela.

Miramongo basoko bideetan hobekuntzak egin ditu udalak (alboko errefortzuaren bidez, besteak beste), Lantxabek eta Aranzadik hala eskatuta.

Beñat Parra

2023/02/22

Deja un comentario