Cortazar, bere unibertso intimoan

CORTAZARJulio Cortazar aztertzen du Donostian zabaldutako erakusketa batek, haren arlo ludikoa oinarri hartuta

Xabier Martin

Mundu zabaleko idazlea izan zen Julio Cortazar (Brusela, 1914-Paris, 1984). Argentinar jatorrikoa izanagatik leku askotakoa. Halaxe islatzen du Bidaiak, irudiak eta beste lurraldeak erakusketak, Donostiako Okendo kultur etxean egunotan zabaldutako lanak. Rayuela-ren (1963) egilea du hizpide erakusketak, baina ez irizpide literarioekin, idazlearen arlo ludikoa aintzat hartuta baizik.

Aurora Bermudez izan zen Julio Cortazarren lehen emaztea, eta haren artxiboaren iturria erabili du batik-bat Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroak (CCCB) erakusketa ekoizteko. 2004an abiatu zen erakusketa ibiltaria, Historias de Cronopios y Famas-en (1962) idazlea hil zela 20 urte bete zirenean. Gehien bat irudiak dira, idazleak gustuko zituen arloak zehazten dituzten euskarri anitzeko irudiak. Horien artean daude argazkiak, La Prosa del Observatorio, Muñeca rota eta Los autonautas de la cosmopista lanen serieak esaterako. Zinema ere oso presente dago Donostiako erakusketan, Cortazarrek zinez maite baitzuen, baita Parisko eta Indiako egonaldiak ere. Bizitzako aro desberdinetan idatzitako eskutitzak ikusgai dira, bestalde.

Julio Cortazar aldarte atseginekoa zela zioten, eta egitura jostagarria eman diote erakusketari egilearen izaerarekin bat. Cortazarrek berak eta haren lagunek super-8an filmatutako irudiak ikus daitezke. Nahi duenak eskura dauka lupa bat ere, posizio bitxietan dauden panpinen argazkiak xehetasunean ikusi ahal izateko. Zintzilikatutako kaxa batean sartzea ere posible du bisitariak; han barruan, Cortazarrek Solentinamera (Nikaragua) egindako bidaiaren berri izango du.

«Erakusketa honek Julio Cortazarren berri ematen du, baina literaturaren ortodoxiatik kanpoko ikuspuntutik», azaltzen du Eva Gimeno lanaren koordinatzaileak. Izan ere, Cortazar Julio Pazekin batera dantzan ikusten den filmazioa erakustea ezin daiteke esan idazlea aztertzeko modu ortodoxoa denik; ezta Carol Dunlop bere azken emaztearekin batera azaltzen dela, Paristik Marseillarako autopistako bidaiaren irudiak erakustea ere. La vuelta al día en ochenta mundos (1967) obraren egilea tronpeta jotzen ikus daiteke halaber, hainbeste atsegin zuen jazza.

Cortazarrek sortutako cronopioak «pertsonaia berdeak ziren, hezeak, jostagarriak eta bihurriak», Gimenoren esanetan, eta famak berriz, «harroak eta aspergarriak». Erakusketako koordinatzaileak hura ikustera «cronopioen txiparekin» joateko aholkua ematen die ikusleei, «ikusgai dagoenarekin gozatzeko». Haren ustez, Cortazarren konpromiso politikoa asko indartu zen 60ko hamarkadan, «Argentina eta Txileko diktaduren garaian», eta hori ere suma daiteke erakusketan.

Deja un comentario