Hamargarren urtez jaiak egingo dituzte Aieten

Bihar ekingo diote Lantxabek antolatutako egitarauari; Altzan eta Txomin Enean ere festa izango da asteburuan.

Hamargarren urtez, Lantxabe auzo elkarteak antolatuta, iraila  jaiekin hasiko dute Aieten. Egitarauaren zati mardulena astelehenetik aurrera egingo dute; baina asteburu honetan zer eginik izango da. Bihar bertan, Lantxaberen ibilbidea ospatuko dute kultur etxean ikusgai izango den erakusketarekin. Handik gertu, Ozenki zortzikoak Festara berezia abestuko du txupinazo gisa. Auzoko gazteek antolatuta, eta jaia Miramonera zabalduz, lehen pala txapelketa egingo dute, frontoian. Miramonera ez ezik, Bera Bera auzunera ere iritsiko dira jaiak. Zehazki hilaren 15ean  sardina jatea egingo dute bertan, 11:30ean hasita.

Datorren asteburuari dagokionez, Lantxabeko kide Felix Perezek Katxolako Sagardo Eguna nabarmendu du. Hernaniko sagarrekin baserrian bertan egindako sagardoa dastatzeko parada izango da. Aurten, trikitilariak, txalapartariak bertsolariak, eta Gero Axular taldearen emanaldia izango da.

Horrekin batera, hilaren 16an, Muntoren omenezko bertso saio berezia egingo dute. Ondare kultur historikoko elkarteak antolatuta, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak ariko dira bertsotan. Bi izen ospetsu horiek jende andana elkartzea aurreikusi du Perezek. Saioa baserriaren ta kultur etxearen inguruetan egingo dute, 11:30ean hasita.

Aieteren izaerak eta baldintzek jende pilaketak ekiditen baditu ere, auzoaren erantzunarekin pozik dago Lantxabeko kidea; bereziki, bertako eragileek jaietan duten parte hartzearekin.

Irutxuloko Hitza 2012/09/06

Deja un comentario