Kalean lo egiten duten 87 lagun zenbatu dituzte

POBRESAmara Berri, Loiola eta Martutene inguruan aurkitu dute jende gehien.

Kale Gorrian lan taldeak eman du datua. Bart hiriko kaleetan egin du zenbaketa, hau da, urriaren 29tik 30a arteko gauean. Guztira 150 lagunek parte hartu dute lan honetan 22:00etatik 02:00etara. Dena lasai joan dela eta ez dela inolako gorabeherarik izan azaldu dute. Gaueko zenbaketa hori hiriko hainbat auzotan egin da. Amara Berri­, Loiola eta ­Martutenen aurkitu dute jende gehien kalean lo egiten: 33 lagun, guztira.

Intxaurrondo­, Altza­ eta Bidebietan, 22 lagun aurkitu dituzte; Parte Zaharra eta ­Erdialdean, 20 lagun; Gros eta Ulian, 10 lagun; eta Antigua­ eta Añorgan, 2 lagun. Kale Gorrian lan taldeko kideek jakin ahal izan dute kalean lotan aurkitu dituzten 65 lagun gizonezkoak zirela eta 8 emakumezkoak. Beste 14 pertsona ere bazeuden, baina ezinezkoa izan da sexua jakitea, guztiz estalita egiten baitzuten lo. Pertsona hauen inguruan informazio gehiago izateko eta euren ezaugarri soziodemografikoak ezagutzeko zenbait elkarrizketa egin dituzte, guztira 37 lagun elkarrizketatuz.

Lan hau lehenago ere egin izan da Donostian; aurtengoa hirugarren aldia da jada. 2011n Donostian bakarrik egin zen, eta 2012an, berriz, Gasteiz eta Bilborekin batera. Aurten, hamar udalerritan egin da gaueko zenbaketa: Donostia, Gasteiz, Bilbo, Barakaldo, Getxo, Irun, Laudio, Portugalete, Santurtzi eta Sestao.

Proiektu honen helburua bizitegi bazterketa larrian bizi diren pertsonen egoera aztertzea da. Donostian Kale Gorrian kolektiboak bultzatzen du egitasmo hau: norbanakoek, gizarte eragileek eta Donostiako Udalak osatutako kolektiboa da.

Etxegabeen errealitatea da gizarte garatuetan gutxien ezagutzen diren gizarte fenomenoetako bat; badakigu badela arazo bat, baina heldu egin behar diogu, eta esperientzia horiek oso datu garrantzitsuak eman dituzte, eta, batez ere, ikerketa metodologia konplexu eta eraginkor batean sakontzeko oinarriak ezarri dituzte”, adierazi du Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Albizuk zehaztu du administrazioa lan honetan inplikatzen ari dela, errealitatera gerturatzeko eta gaiari heldu ahal izateko: “Kontua ez da soilik zenbaketa egitea, baizik eta baita bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen egoera aztertzea ere, hainbat alderdi kontuan hartuta: administrazio egoera, heziketa maila, lan egoera eta diru sarrerak, osasun egoera, gizarte harremanak, gizarte zerbitzuen erabilera, etabar”.

Nerea Lizarralde 2014/10/30

Deja un comentario

Scroll al inicio