«Bizitzarik gabe geratuko da berriro»

dedItxas Gain etxe sozial okupatuko lagunek astelehenean utzi beharko dute Aldapeta kaleko 62. zenbakiko eraikina, jabeek behartuta. Erabilera eman diote guneari, hamaika urtez hutsik egon eta gero.

Itxas Gain Aldapeta kaleko 62. zenbakiko etxe sozial okupatuaren izena da. Iazko martxoaren bukaeran, gazte talde bat sartu zen bertara, hamaika urtez hutsik zeraman eraikina gizartearen zerbitzura jartzeko asmoz. Eraikinari bizitza eman eta hainbat jarduera egin dituzte orduz geroztik, auzolanean beti ere, baina astelehenean etxea utzi beharko dute, jabeek abiatutako epaiketa prozesuek behartuta.

Yeregui enpresa da eraikinaren jabea. Bide penaletik joan zen lehen prozesua, eta orduan, joan den udan, jabeekin negoziaketarik ez egiteko erabakia hartu zuten Itxas Gaineko kideek. Euren ideiekin koherente izan nahi zuten. «Espekulazioaren bitartez gure kontura aberastu nahi duten horiekin ez dagoela ezer hitz egiterik erabaki genuen», gogoratu dute.

Oraingoan, baina, «kontraesanei» aurre egin behar izan diete, enpresak abiatutako beste salaketa bat dela medio; bide zibiletik, kasu honetan.

Hain zuzen ere, joan den maiatzaren 19rako finkatu zuten epaiketa eguna, baina, azkenean, auzia saihestearren, jabeekin hitz egitea erabaki zuten, espazioa adostutako epe edo egunean uzteko: ekainaren 15ean, alegia. «Auzia egin eta galdu izan bagenu –Itxas Gaineko lagunen arabera, aukera hori nahiko ziurra zen–, 23.000 euroko kostuari aurre egin beharko genioke; eta ezingo genuke diru kopuru hori jarri, egoera kritiko batean utziko gintuela jakinda», azaldu dute.

23.000 euro ordaintzea saihestu duten arren, Yeregui enpresarekin lortutako akordioak kostua izan duela nabarmendu dute, diru kontuak harago. «Alde batetik, kaleratze baten aurrean eman genezakeen erantzunaren inguruan pentsarazi digu, baita erresistentzia bide desberdinak planteatzeak edukiko lukeen koherentzia faltaz ere, negoziaketa prozesu bat aurrera eraman dela jakinda. Beste aldetik, negoziaketa ere legalki oso mugaturik edo guztiz mugaturik uzten digu. Izan ere, dena oso lotuta dago, erresistentziarik edo antzeko ekintzarik izanez gero, negoziaketa bertan behera uzteko. Horrek kanpoan utziko gintuen berdin berdin; 23.000 euroko kostuari aurre egin behar izanda, gainera», adierazi dute Itxas Gainekoek.

Honela gauzak, Aldapeta kaleko 62. zenbakiko eraikina hutsik geratuko da berriro, astelehenean: «Bizitzarik gabe geratuko da berriro, jabeek diru laguntza publiko bat lortu arte, etxea eraisteko eta luxuzko etxe berriak eraikitzeko». Enpresa udalaren erantzunaren zain dagoela berretsi dute.

Proiektuari jarraipena

Itxas Gainekoek, bere aldetik, agur festa egingo dute gaur, 20:30ean, zenbait kontzerturekin. Hori bai, okupazioaren bidetik jarraituko dutela aurreratu dute, proiektuari jarraipena emateko. Hain justu, etxe okupatu bat baino gehiago izan da Itxas Gain. Erronka zabalago bat izan dute eskuartean, parte hartu duten orori aukera sozial, politiko, kultural eta artistiko bat eskaintzeko asmoz. Gune sozial horizontal bat sortzea izan dute helburu, hitz batean.

Okupazioa tresna gisa erabili dute horretarako, «agintarien aurrean belaunikatzeaz nazkatuta». Ekintza zuzenaren eta autogestio horizontal eta asanblearioaren aldeko apustua egin dute, «bizitzeko leku bat» aldarrikatzeko. «Lotsagarria iruditzen zaigu egunero ehundaka kaleratze dauden eta jendea kalean bizi den herri batean, milioika etxebizitza hutsik egotea, hautsa hartzen eta espekulatzaileek euren negozio dirudunak egiteko esperoan. Etxebizitza lortzeko zilegizko modu bat bezala aldarrikatzen dugu okupazioa, baita aukera politiko bat bezala ere, jabego pribatuaren eta zapaltzen gaituen sistema kapitalistaren aurkako borroka molde bezala», erantsi dute.

Aritz Sorzabal

Irutxuloko Hitza

Deja un comentario