Konferentziaren edukia (asteazkena, 19:30, Aiten)

croaciaKonferentziaren edukia (Pablo Becerra)

Kroaziak ilbehera edo ferra itxura duen estatua da, Itsaso Adriatikoaren ertzean kokatua. Mugakide ditu Serbia, Bosnia-Herzegovina ekialdean, Montenegro hegoaldean eta Eslovenia eta Hungaria iparraldean. Itsasoaren beste aldean Italia dago. Lurraldea bitan zatitua du hegoaldean, Bosnia-Herzegovina den Neum herriko inguruko tartak banatua. Lurraldea askotarikoa da: ordoki, aintzira eta mendixkak ipar eta ipar-ekialdean (Erdialdeko Kroazia eta Eslavonia), basoz estalitako mendi garaiak (Dinara 1.831m) eta Itsaso Adriatikoko kostalde menditsua (Istria, Ipar Kostaldea eta Dalmazia).

Kroaziaren ezaugarri turistiko nabarmenena bere kostaldeak osatzen du, Istrian hasi, Kvarneko golkoan eta Dalmazian jarraitu eta Dubrovnikeraino iristen dena. 1.778 kilometro luze den kosta dauka (5.790 uharteak kontutan hartuta) eta hondartza ugari daude, gehienak harrizkoak. Kostatik hurbil 1.185 uharte ditu hauetatik 66 daude populatuak. Handiena Cres uhartea da eta populatuenak Krk, Korčula, Brač eta Hvar.

Danubio ibaiak Kroazia eta Hungaria artean muga egiten du eta beraz Kroaziak dituen ibai nagusiak, Sava eta Drava, Danubio beraren adarrak dira. Itsaso Adriatikora doazen ibaiak Dinariar Alpetan jaiotzen dira eta ibilbide motza dute, handienak Neretva eta Cetina ibaiak dira.

Kroaziako historia Balkanetara VII. mendean kroaziarren etorrerarekin hasten bada ere, horren aurretik beste herri batzuek iragan ziren: Hallstatt kultura, La Tene kultura, iliriarrak, greziarrak kostaldean… Erromatarrek K. a. 168an konkistatu zuten lurralde hori, eta Mendebaldeko Inperioaren gainbeherarekin, hunoak eta ostrogodoak iragan ziren, Bizantziar Inperioak bereganatu baino lehen.

Esan bezala, kroaziarrak Balkanetan VII. mendearen hasieran finkatu ziren, eta bi printzerri, Dalmazia eta Panonia, osatu zituzten. Trpimirović leinuaren etorrerarekin, 850 inguruan, bi lurralde horiek hurbiltzen hasi ziren, eta, 925ean erresuma osatu zuten, Tomislav erregearen agindupean.

Hungariako Erresumarekin batasun pertsonalean sartu zen 1102an. Mohácseko batailaren ostean (1526), Habsburg leinuaren mendera igaro zen Kroazia. XVI. mendean zehar, Kroaziako lurraldeak Otomandar Inperioak azpiratu zituen. XVIII. menderako, Otomandar Inperioa Hungariatik eta Kroaziatik kanporatuta, Vienak lurralde horiek era zentralizatuagoan gobernatu zituen. XIX. mendean nazionalismo erromantikoa areagotu zen Kroazian, germanizazioari eta magiarizazioari aurre egin nahian. Kroazierazko literaturan eta kulturan aurrerapauso nabarmenak eman ziren 1830etik aurrera.

1848ko iraultzekin, Habsburgeko lurraldeetan Austria-Hungariako monarkia ezarri zen, baina hura ez zen bereziki ona izan herriaren autonomiarako. Lehen Mundu Gerraren amaierarekin, Habsburgeko Inperioa ere bukatu zen eta Kroazia 1918-1929 bitartean Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuman sartu zuten eta 1929tik 1941 arte, Jugoslaviako Erresuman.

Bigarren Mundu Gerran, 1941-1945 bitartean, Ardatzak estatu-txontxongiloa eratu zuen Kroazian. Aliatuen garaipenarekin, Kroazia Jugoslaviako Federazioko zati bihurtu zen. 1991n independentzia aldarrikatu zuen. Gerra latz baten ostean, 1995eko Daytongo akordioari esker, borroka amaitu zen, independentzia lortu zuela.

 

Greziarrek Ασπάλαθος (Asphalatos, otea) izeneko kolonia sortu zuten. Izena inguruan hazten zen landare ohikoenak eman zion, oteak. Erromatarrek Dalmazia hartu zutenean hiriaren izena Spalatum bihurtu zen. Garai hartan Dalmaziako hiriburua zen Salonaetik 10 kilometrora zegoen herrixka bat baino ez zen, baina 305ean, 59 urte zituela eta gaixotasun batek ia ia hil ondoren, Diokleziano erromatar enperadoreak erretiroa hartu zuen. Itsaso Adriatikoko kostaldean jauregia eraiki zuen.

Bisitatuko dugu

Split

Kroaziako hiria da, Dalmaziako hiriburua. Hiriak berak 178.192 biztanle baditu ere (2011) hiriaren barrutian 349.314 bizi dira eta beraz Kroaziako bigarren hiri handiena da.

Dioklezianoren jauregiak 38.500 m²ko azalera zeukan eta erdia baino gehiago kanpamendu militarrak osatzen zuen. Harresiek 16 dorre zituzten inguruan eta palazioak ate bana zeukan alde bakoitzean. Aterik handiena Porta aurea (Urrezko atea) zen, Salonarako bidera ematen zuena. Beste ateak Porta argentea (zilarrezko atea), Porta ferrea (Burdinezko atea) eta itsasora ematen zuen Porta aenea ziren. Palazioaren erdian Jupiterren tenplua eta Dioklezianoren mausoleoa zeuden. Palazioa kareharriz eta marmolez egina zegoen erabat.

V mendetik aurrera Dioklezianoren jauregia hiri bihurtzen hasi zen eta 630. urtean avaroek Salona suntsitu zutenean palazioaren harresietan babestu ziren biztanleak. Splitek artzapezpikua lortu zuenean Salonaren ondorengo hiritzat hartua izan zen, eta ondorioz Dalmaziako hiriburu bihurtu zen.

Jadanik Spalato izenarekin 812 eta 1089 artean Bizantziar Inperioaren menpe egon zen arren autonomia handia izan zuen. XII mendean hungariarrak izan ziren Dalmaziaren jabe eta 1420 urtean Veneziaren menpe gelditu zen. XVI. mendean hiria nabarmen handitu zen, aintzinako Dioklezianoren harresietatik haratago hedatu zelarik. Ordutik aurrera Dalmazia osoaren bilakaera historikoa izan zuen, 1797an Napoleonen menpe eta 1809tik aurrera Austriar Inperioaren menpe. 1919an, Lehen Mundu Gerra bukatzean Jugoslaviak hartu zuen eta izena aldatu zioten, Split kroazierazko aldaera hartu zuelarik.

…eta Dubrovnik

Adriatikoan dagoen Kroaziako hiria da, Dalmaziako hegoaldean. Turismo handia jasotzen duen hiria da eta horretaz gain itsas-portu garrantzitsua da eta Dubrovnik-Neretva eskualdeko hiriburua. 42.641 biztanle zituen 2011an. 1979tik aurrera hiriaren alde historikoa UNESCOren Gizateriaren Ondarea da.

VII. mendean eslaviar inbasioek Epidaurum (gaur egungo Cavtat) suntsitu zuten eta bertako biztanleak kostaldeko Laus edo izeneko uharte batean babestu ziren. Pixkanaka inguruko eslaviarrekin nahastuz joan ziren eta Adriatikoko kai garrantzitsua bihurtzen hasi zen. VIII. mendean arabiarrek erasotu ondoren Bizantziar inperioari laguntza eskatu zioten eta honek bere Dalmazia probintzian sartu zuen. XI. mendean bere itsas flota garatu zuen eta XII. menderako harresi handiak eraiki zituen. 1204ean Veneziak Konstantinopla menperatzean Dubrovnik ere eskuratu zuen 1358an independentzia eskuratu eta Ragusako Errepublika sortu zen arte. Orduan Veneziaren aurkari zuzena bihurtu zen indar ekonomikoari erreparatuz gero. Diplomazia sare indartsua garatu zuen, batez ere XV. eta XVI. mendeetan. Ragusaren indarra itsasgintzan eta itsasoko komertzioan oinarriturik zegoen. Bere flota 200 itsasontzitakoa izatera iritsi zen.

1808an Napoleonek hartu zuen hiria, errepublikari amaiera emanez eta 1815ean Vienako Batzarrak Habsburgotarren inperioaren eskutan utzi zuen. Hortik aurrera gainbehera etorri zen. Bi mundu gerrek kaosa ekarri zuten hirira eta ez zen berrindartu Titoren garaian turismo gune bihurtzen hasi arte.

1991ean Kroaziak independentzia aldarrikatu zuen eta Jugoslaviako armadak sei hilabetez setioa ezarri zion hiriari harresi barneko eraikin ugari suntsituz.

2007ako abuztuan izugarrizko sutea sortu zen Bosniako mugan eta Cavtatetik hasi eta Dubrovnik bera ere suak hiria inguratu zuen baina hiria ez zen kaltetua gertatu.

 

Deja un comentario