Oroimena eta erabilera uztartu dituzte Muntori buruzko proposamenetan

MUNTO 2Ideien lehiaketa bat egin dute baserriak utzitako espazioa irudikatzeko; ehun proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte.

Zortzi hilabete dira Munto eraitsi zutenetik. Aietearrak, baina, ez dira besoak gurutzatuta geratu eta baserriak okupatzen zuen espazioari etorkizunean zein erabilera eman pentsatzen ibili dira hilabeteotan.

Leku horretan baserri historikoa zegoela gogoan izateko, plaka bat jartzearekin nahikoa ez zelakoan, fatxada nagusiaren zati bat, eskailerak eta ataria utzi zituzten zutik. Hala eskatu zuten bizilagunek eta horixe errespetatu zuten eraiste lanetan.

Ondoren, auzotarren kezka nagusia libre geratu den espazioarekin zer egin bilakatu zen, oroimena eta erabilera nola uztartu. Horren jakitun, bertan aurreikusitako plaza eraikitzeko orduan, aietearren iritzia kontutan hartuko zuela adierazi zuen udal gobernuak, eta aietearrek ederki jaso zuten gonbitea. Hain zuzen ere, ofizialki eskatu aurretik, agintarien zain egon gabe, aietearrak lanean jarri eta emaitza txukuna osatu dute: ehun proposamen baino gehiago egin dituzte bizilagunek, Lantxabe auzo elkarteak deitutako ideien lehiaketaren bitartez.

Orain, udal gobernuak ekarpen horiek kontutan hartzea espero du Lantxabeko presidente Felix Perezek. «Ideien lehiaketa udal gobernuak hartutako konpromisoan dago oinarrituta, urtarrilaren 29an egindako bilera hartan agindutakoan, baserria eraitsi baino egun batzuk lehenago. Plaza berria tekniko, aditu eta artisten laguntzarekin egiteko konpromisoa hartu zuen udal gobernuak, baita auzotarrekin elkarlanean egingo zuela ere. Hori dela eta, Lantxabek gogor lan egingo du lehiaketaren bitartez sortutako ideiak kontutan har ditzan, eta plaza berriaren eraikuntzan ideia onenen sortzaileek laguntza eman dezaten», esan du.

Aurkeztutako ideien artean proposamen zehatzak eta teknikoki oso landuak daudela nabarmendu du Lantxabeko kideak, eta denak oso baliagarriak direla defendatu du.

Lehiaketan aurkeztutako proposamenen artean badago bat ideia gehienak laburtzen dituena, Perezen arabera. Landakin izena darama, eta topaleku, oroimen, ikasbide leloarekin idatzi dute. «Adibide bat besterik ez da, baina oso esanguratsua», laburtu du Lantxabekoak.

Iturria eta gune berdea

Landakin proposamenak Munton gertatzen zena ekarri nahi du gogora, egungo beharrak eta erabilerak kontutan hartuta. Iturria, adibidez, beheko kotan kokatuko lukete, sagardo kupelak zeuden lekuan. Gune publikoa, bere aldetik, kaleko kota berean eraikiko lukete, gune ireki gisa, bertan zegoen tabernari erreferentzia egiteko. Gune berdea, berriz, askaldegia zegoen tokian egingo lukete, jendea sagardo botila bat dastatzera esertzen zen leku berean. Lurraren modulazioari esker, eserita, etzanda edo jolasean egoteko aukera egongo litzateke.

Landakin proposamenak, beste guztiek bezala, aztarna gisa utzitako eskailerak ditu hizpide. Askok diote apaingarri moduan bakarrik ezin direla egon, erabili beharlo liratekeela.

Bestalde, proposamen guztiek bat egin dute ezaugarri batean; proiektuak sostengarria izan beharko luke, bai ekonomikoki eta baita kudeatzeko orduan ere. Auzolana aipatu dute zenbait proposamenek alternatiba bezala. Plaza berriarekin Munto bizirik mantentzea izango litzateke helburua. «Baserria auzoko erreferentzia izaten jarraitzea nahi dugu, sinbolikoki bada ere», adierazi du Perezek.

Momentuz, udal gobernuarekin harremanetan jarri da Lantxabe, aietearren ekarpenak bideratzeko eta auzoak babestutako «partaidetza esperientzia kolektiboaren» nondik norakoak azaltzeko. Udal gobernuak, bere aldetik, Lantxaberekin biltzeko konpromisoa azaldu du. Hitzordua egunotan finkatuko dute.

Erakusketa, kultur etxean

Aietearrek egindako lana herritarrek bertatik bertara ezagut dezaten, ideia lehiaketara aurkeztutako proiektu esanguratsuenak Aieteko kultur etxean daude ikusgai, penelen bitartez, Miramongo basoaren ideien lehiaketan aurkeztutako proposamenekin batera. Urriaren 22a arte bisita daiteke erakusketa.

Aritz Sorzabal 2013/10/11 

Munto baserriaren eskailerak eta ataria, zutik utzitako aztarna bakarrak. (Argazkia: Aritz Sorzabal)

Deja un comentario