Finalean ez da bakarrik egongo

Añorgako bertso eskola

Ostiralero biltzen dira hainbat lagun, Añorgan Gaztelumendirekin batera, bertso eskola egiteko. (Argazkia: Malen Aldalur)
Igandean jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala eta bertan abestuko du Añorgako Beñat Gaztelumendik. Bertso eskolako lagunak ondoan izango ditu berriro.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian abestuko du bigarrenez Beñat Gaztelumendik. Bera arituko da BEC-eko oholtza gainean baina badira beste hainbat Barakaldorainoko bidea berarekin egin dutenak, tartean, Añorgako bertso eskolako lagunak.
Ez da Euskal Herriko zortzi bertsolari onenen artean dagoen lehengo aldia; orain dela lau urte ere BECen aritu zen kantari. Ondo gogoratzen dute egun hura Izarne Zelaiak, Pello Basurtok eta Aiert Ordoñezek: “Kristorena izan zen hain gertuko sentitzen dugun pertsona bat hainbeste jenderen aurrean kantari ikustea”, azaldu du Zelaiak. Basurtok eta Ordoñezek nabarmendu dute ustekabea izan zela eta ilusioz eta urduritasun handiarekin bizi izan zutela: “Ez dut inoiz ahaztuko irudi hori, gu BECen eserita eta Beñat beste zazpi bertsolarirekin oholtzara igotzen. Gure artean esaten genuen: «Zer egiten du Beñatek hor?’”.
Ahaztuko ez duten beste uneetako bat bizi izan zuten duela bi urte, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean ere: “Gogoan dut elkar besarkatu genuela eta zirraraz betetako uneak izan zirela; gero autobus bat hartu genuen Añorgara joateko eta kantuan eta dantzan joan ginen”, azaldu du Ordoñezek. Pankartak hartuta joan ziren saio batera eta bestera, eta azkenean txapela lagunaren buruan ikustean ezin izan zioten negarrari eutsi: “Txapela Beñatek irabazi zuen baina gure lagun eta irakasle moduan guk ere geure sentitzen genuen txapel horren zati txiki-txiki bat”.
Faboritoa izateak maiz presioa eragiten duela uste dute, eta aurreko bi finaletan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren atarian geratu ostean, jende askok zituen esperantzak Añorgako gaztearengan. Antzeko zerbait gertatu da aurten ere, ez da orain dela lau urte moduan «ustekabean» sailkatu eta horrek «nolabaiteko presio bat» eragin diezaiokeela uste dute: “Gu ahalegintzen gara Beñati presiorik ez egiten eta egintzat ezer ez ematen”. Dena den, inkontzienteki beraiek ere txapelketa ez dute orain dela lau urte moduan bizi: “Urduritasun eta ilusio berarekin jarraitu dugun arren, egia da guk ere inkontzienteki pentsatzen genuela finalera iritsiko zela, eta, esaterako, aurten ez diogu pankartarik egin finalaren aurreko saioetarako”.
Zelaiak uste du txapelketa nola bizi duten ulertzeko «oso garrantzitsua» dela argi uztea bertso eskolan lagun talde bat baino gehiago direla: “Hori hala izan dadin Beñatek lan handia egiten du. Oso umila eta gertukoa da eta irakaslea den arren, bat gehiago da”, dio Zelaiak. Horregatik bizi dute hainbeste eta hain gertutik txapelketa. “Saio guztietara joaten gara elkarrekin eta oso urduri egoten gara”, azaldu du Itxaso Piquerrek, bertso eskolako kideak. Basurtok azpimarratu du une politak bizi izan dituztela: “Bertso on bat botatzen duenean elkarri begiratzen diogu eta begiratu hutsean pentsatzen dugu: listo, badoa gora”. Azken lau urtean Gaztelumendik gauza asko hobetu dituela uste du Zelaiak: “Barne mailan lanketa handia egin du eta plazaz plaza ikaragarrizko eskarmentua hartu du”. Indartsu ikusten dute eta lan asko eginda: “Azken aste honetan ziur urduriago egon dela baina ez dut uste egoerak gainezka egingo dionik”. Basurtok ere uste du orain dela lau urte baino hobeto daramala txapelketa: “Lasaiago dabil eta bere aisia oso ondo moldatu du, azken aste hauetan ere lagunekin egon da, planak egin ditugu eta uste dut horrek on egingo diola”.
Berak bezain urduri biziko dute txapelketa bertso eskolako kideek. “Txapelketako sintonia entzun eta Beñat jende artetik pasatzen ikustean ziur malkoak aterako zaizkidala”, dio Zelaiak. Azaldu du ez dela goxoa izaten laguna hor gainean zalantzati edo gaizki pasatzen dagoela ikustea, horregatik urduritzen dira sarri, baina aurten, gainerako urteetan bezala, Gaztelumendiren lanaz gozatzera joango dira BEC-era.
Hitz onak, besterik ez
Hitz onak baino ez dituzte Añorgako gaztearentzat, izan ere, bertsolari moduan miresteaz gain, lagun eta pertsona moduan ere «umila eta gertukoa» dela diote: “Beñatek asko hartzen gaitu kontuan, pertsona garrantzitsu sentiarazten gaitu eta badaki jendea zaintzen”, azaldu du Basurtok. Ordoñezek, berriz, gaineratu du umila izatean gain irekia ere badela: “Zaintzari garrantzi handia ematen dio; plazer bat da berarekin egotea”.
Bi egun barru jarriko da Gaztelumendi 14.000 lagunen aurrean BEC-en eta honakoa esan nahi diote finalaren bezperetan: “Energia bidaltzen egongo garela harmailetatik, gozatzeko, ez kikiltzeko eta, denaren gainetik, asko maite dugula”.
Malen Aldalur

Deja un comentario