«Auzoan beti entzun dut oso pertsona umila eta ona zela»

Manex-Mujika-Manuel-Matxain

Manex Mujika, bertsolaria eta aieteko euskara batzordeko kidea

Hilaren 13an ehun urte beteko dira Manuel Matxain (Aiete, 1916-1999) jaio zela. Auzoko Manex Mujika bertsolariak Matxainen pasadizo ezagunak eta hark ezagutu zuen Aiete hura ekarri ditu gogora.

Manuel Matxain ezagutzeko aukera izan al zenuen?

Ni Matxainekin gogoratzen naiz, bai. Txapela buruan eta gabardina jantzita gogoratzen dut nik. Agian ez zen bera, baina nik irudi hori dut neure buruan gordeta. Eta gogoratzen dut aita kontatzen hura Matxain zela, tokan hamabitik hamabi jotzen zituela. Bere bilobak ni baino urtebete gazteagoak dira, eta ikastola berean ikasi genuen.

Noiz hasi zinen bere ibilbideari buruz irakurtzen?

Banekien bertso paperak idazten zituela, hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu zituela. Donostiako bertsolaritzari buruzko hitzaldi bat prestatu nuen, eta orduan ezagutu nuen Matxainen pertsonaia, Uste gabean bertso bilduma irakurri nuenean.

Eta zerk eman zizun arreta gehien?

Bitxia da Matxainen pertsonaia bera. Apenas eskolarik gabeko pertsona izan zen. Hamar urterekin uste dut hasi zela lanean, Donostiako harategi batean. Eta kasik da Errenazimentuko gizon bat. Tokan eta bolatan ez zuen parekorik. Eta bertsotan… Antonio Zabalak dio mila bertsotik gora argitaratu zituela, batez ere aldizkari eta egunkaritan. Berezia da nola beregan bat egiten duten bertsogintzak eta kirolak. Bere garaian, 70eko eta 90eko hamarkada bitartean asko ibili ziren bertsoak jartzen Matxain bezala. Gainera, Aieten bertan.

MATXAIN BMatxain izan zen gehien nabarmendu zena?

Gehien nabarmendu zenetako bat izan zen. Matxainen kasuan kirola eta bertsogintza uztartzen dira, eta horrek pertsonaia baten sorrera ekarri zuen.

Aieten bertan ezaguna al zen Matxain?

Betiko Aieteko denek ezagutzen dute. Gainera, Aiete erdian bizi zen, parrokiaren ondoko etxean. Aieten asko gara betikoak ez garenak [barrez]. Ni umetan bizi izan nintzen Aieten, ondoren Amarara joan nintzen bizitzera, eta orain berriz Aieten bizi naiz. Omenaldi honen helburuetako bat da Manuel Matxainen ezagutza zabaltzea auzoan, batez ere jende gaztearengana eta kanpotik etorri diren bizilagun berriengana iristea.

Auzoan beti entzun izan dut Matxain oso pertsona umila eta ona zela. Beti zegoela laguntzeko prest, oso gertukoa zela. Oso euskaltzalea zen, eta auzoarekin oso lotura estua zuen.

Matxainek ezagutu zuen Aiete hura eta gaur egungoa oso desberdina da, ezta?

Aieten 60 baserri inguru eta dozena bat sagardotegi zeuden, eta ez da horrenbeste denbora pasa. 70ko hamarkada arte horrelakoa zen Aiete. Baserri giroko auzo bat zen, nahiz eta Donostiako Erdialdetik gertu egon. Oso urte gutxian, eta hori Matxainek ere bizitu zuen, erabat aldatu zen Aiete.

Aieteri eskaini zizkion hainbat bertso, ezta?

Bai, auzoari buruz, eta jaiei buruz idatzi zuen. Hemen badago bat – Uste Gabean liburua du eskuetan, Matxainen bertsoen bilduma–: Donostiako Txoko Polit bat beti izan da Aiete, bera aitatuz bertso batzuek jartzeko eskatu didate. Bertso batzutan esango det nik zer ziñan eta eta zer zeran; basarri txuri zoragarriak len bagiñuzen aukeran; orain geienak bota dituzte beste lekutako eran, denborarekin jakingo degu mesedetako ote dan.

Hau Zeruko Argia-n argitaratu zuen, 1971n. La Voz de España eta Diario Vasco-n ere idatzi zuen. Bitxia da. Nik uste dut Matxain dela mugan geratu den bertso jartzaile bat. Alde batetik, bertsolari zaharren gaiak landu zituen: fedea, baserria, euskara… Arantzazuko Amari jarri zizkion lehen bertsoak, pentsa. Eta bestalde, baditu Che Guevarari buruzko batzuk, beste batzuk Kennedyren hilketari buruzkoak. Niri azken hauek gustatzen zaizkit gehien.

Garaiko pertsonaiei buruz idatzi zuen: bertsolari eta kirolariei buruz, asko. Garaiko hedabideetan idazten zuenez, garaiko gaiak lantzen zituen. Garai hartako kronista moduko bat izan zen, bertso paperetan aritu ziren gehienak bezala.

Estilo berezia zuela esango zenuke?

Oso irakurterrazak dira. Gaur egun, bertsolaritza intensibo bat egiten dugu. Ahalik eta gauza gehien esaten ditugu bertso bakoitzean; eta hauek, aldiz, estensiboak dira. Ideia sinple batekin bertso bat goitik behera oso erraz eta modu politean idazten zuen. Bertso errazak dira, eta erraztasun horretan oso politak dira kantatzeko. Ez duzu bost aldiz irakurri behar ulertzeko zer esaten duen. Normalean, bi esaldirekin osatzen zituen bertsoak dira. Horrek ez du esan nahi egiteko errazak direnik! [barrez].

Bertsolarioi asko gustatzen zaigu estilo hau. Badu beste freskotasun bat, beste egiteko modu bat.

Antonio Zabalak bere bertsoak bildu eta argitaratu zituen. Lehen aldiz, 69an. Eta Matxainek idatzi zuen hitzaurrea irakurri ondoren, bere prosa gehiago irakurtzeko penaz geratu zela esan zuen, bere bizitza kontatzeko eta idazteko eskatzeko gogoz geratu zela. Ziur sinple eta polit idatziko zukeela prosan ere bai.

Txikitatik omen zen bertsozalea, baina 47 urterekin hasi zen bertso-paperak idazten. Zergatik?

Berak azaltzen du hitzaurre horretan, egun batean hiru lagun zeudela elkarrekin erdi bertsotan bazkal ondoren. Elkarri puntuak jartzen hasi ziren, eta apustua egin zuten. Euskaltzaindiaren bertso paper lehiaketan parte hartu behar zuten. Hiru txuleta zeuden jokoan. Matxainek bidali zituen, besteek ez; eta, gainera, txapelketako bigarren saria eskuratu zuen. Eta horrela hasi zen bertsoak idazten. Pentsatzen dut aurretik ere izango zuela ohitura, eta lagun artean ere ariko zela.

Gainera, garai hartako Aieten ziur nago bertsozaleak ibiliko zirela. Munton, Oriamendin, Azken Portun… Ziur hor inguruan elkartzen zirela hango eta kanpoko bertsolari eta bertsozaleak. Sebastian Salaberria bertsolariak –Aietekoa– eta Matxainek badituzte bien artean Aieteko jaietan jarritako bertso batzuk.

Matxaini omenaldirik egin izan al diote?

Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina eman zion; eta Bertsolari Egun batean ere omendu zuten, 1994. urtean. Bola eta toka munduan ere omendu zuten. Ziur asko, kiroletan gehiago saritu zuten, fenomeno bat omen zen. Berak parte hartzen zuenean, besteek bazekiten bigarren postuarengatik borrokatu beharko zutela.

Hilaren 12an omenduko duzue Matxain. Bere pertsonaia ezagutzera emateko gauza gehiago egin behar al dira?

Asmoa badugu erakusketa bat egiteko, hemen, Aieten. Bere bizitza, bertsoak eta argazkiak biltzea gustatuko litzaiguke. Auzoan egin diren bileretan askotan atera da gai hau. Egia da lortu dela auzoko eragile asko elkartzea proiektu honen bueltan. Lantxabe auzo elkartea, euskara batzordea, Goiko Galtzara elkartea, Axular Gero dantza taldea, Aiete kultur eta kirol elkartea, eta auzotar asko. Matxainen omenaldiak lanerako elkartu gaitu denok.

nerea

logoa-irutxulo

Deja un comentario