Aiete pasealekuko bidegorriko lanak hastear dira

Irati Salsamendi (2019/11/15)

Bidegorriko lanak hasiko dituzte Aiete Pasealekuan. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Lantxabe auzo elkarteak jakinarazi duenez, Aiete pasealekuko bidegorriko lanak hemendik gutxira hasiko dira. Auzo elkarteak bere webgunean plazaratu duenaren arabera, makineria berria eraman dute azken egunetan Aieteko anbulatorioa eraikitzen ari diren zonaldera, eta obretako etxolak jarri dituzte Munto kalean. Lehenik, Jauregi kalearen saneamendu-sarean hobekuntzak egingo ditu Zubieder enpresak. Hain zuzen, enpresa hori da Aiete Pasealekuaren eta Oriamendi Paseaslekuaren arteko bide segurtasuna hobetzeko, trafikoa baretzeko eta bizikleta bidea egiteko proiektua gauzatuko duen enpresa, eta, beraz, saneamenduaren lanak amaitzean ekingo diote bidegorria eraikitzeari.

Anbulatorioa udaberrirako

Aieteko anbulatorioaren simulazio bat. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Era berean, Aieteko anbulatorioaren lanek ere aurrera jarraitzen dute. Joan den urriaren 1ean hasi zituzten, eta han kokatu duten kartel informatiboan jartzen duenaren arabera, 2020ko martxorako aurreikusten dute inaugurazioa. Lantxaberen balorazioa positiboa da, eta uste dute lanek orain arteko erritmo bera jarraitzen badute, lanen amaierako epea beteko dela. Auzo elkartekoek gogorarazi dute bizilagunek “urte asko” daramatzatela anbulatorioa eskatzen, eta “Amarara edo Antiguara joateaz nekatuta” daudela.

Guztira, Eusko Jaurlaritzak 3.587 milioi euroko inbertsioa egingo du. Eraikinak sei solairu izango ditu, 2.500 metro koadro erabilgarritakoa bakoitza. Horrela, Aieteko 12.500 bizilaguni zerbitzua emateko prest egongo da. Bi sarrera izango ditu, bat Aiete pasealekuan, hortik izango da kontsultetarako, froga eta erauzketen geletarako, eta bulegoetarako sarbidea. Bestea, Pio Baroja pasealekuan egongo da, eta solairu horretan izango dira errehabilitaziorako gunea, eta psikomotrizitate eta psikiatria unitateak.

Gainera, beste hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu: familia-medikuntzako zazpi kontsulta, pediatriako bi kontsulta, erizaintzako zortzi kontsulta, sendaketa gela bat, erauzketa gela bat, froga osagarrietarako gela bat, emakumeen arretarako gune bat, esplorazio gela bat, eta talde jardueretarako gela bat.

Aieteko anbulatorioaren lanak. (Argazkia: Lantxabe auzo elkartea)

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.