Aieteko jaiak, Etorri nahi duenak ondo pasako du.

Manex Mujika

Aieteko jaiak dira hurrengo bi asteburutan. Urteak dira gure auzoak santakruzak ospatzen dituela, baina indarrak guztiz galduta egon dira, ustez, orain gutxi arte.

Duela bospasei urte, baina, auzotar talde bat Euskararen Egunaren aitzakian elkartu, eta Aieteko Euskara Batzordea sortu genuen, auzoko euskaldunak elkartu eta euskararen presentzia areagotzeko asmoarekin. Eta hemen gabiltza, besteak beste, talde hura, lagun talde bihurtuta, jaietako lehen asteburua antolatzen.

Aieteko jaiak ez dira Porrontxoak, baina badute lana, eta, azkenerako, tokatzen zaigu pixka bat aritzea. Hori bai, musu-truk, militantziaz. Lanik ez dagoela entzuten dudanean, lana baietz, badagoela, ordea, ordaintzeko dirurik ez dagoela esatea gustatzen zait niri.

Herri militantea izan gara, eta oraindik ere, bagara. Eta militantziatik sortu dira gure jendartean ezinbestekoak diren hainbat eta hainbat erakunde, mugimendu eta dena delakoak (zerrenda luzeegia litzateke daukadan hitz kopuruan sartzeko).

Ez naiz ni militantziaren oso aldekoa, ba! Iruditzen zait lana ordaintzeko dirua daukaten horiek egiten diguten tranpa bat gehiago dela. Funtsean, euren buruak zuritu, eta interesatzen ez zaizkien helburuak radarretik kanpo eta denboran iraunkor ez mantentzeko beste estrategia bat baino ez.

Eskerrak behintzat, azken urteetan jaiak indar pixka bat hartzen ari diren, eta auzoak gure lana ikusi eta eskertzen duen. Eta eskerrak, batez ere, lanean ari garen bitartean, lagun egin garen hauek ederki pasatzen dugun. Bestela, jai! Ni behintzat, ez naiz sufritzeko jaio.

Aieteko jaiak dira hurrengo bi asteburutan. Etorri nahi duenak ondo pasako du.

Deja un comentario