Hobekuntzak egingo ditu Dbusek Aiete eta Antiguako lineatan

Ostiraletik aurrera ere, uztailak 1, udako zerbitzuak jarriko dituzte abian.

Hilabete aldaketarekin batera datoz Dbus-en aldaketak ere. Hala, ostiralean, uztailak 1, jarriko dira abian udako zerbitzuak eta hainbat lineatan egingo dituzten hobekuntzak.

autobusjjj

19 linea

Ostiraletik aurrera, linea hau ere luzatu egingo dute, eta 19 linea Aiete-Bera Bera izango da. Artzain Ona, Okendo 11 eta Gipuzkoa plaza 2 izango ditu geldialdi berriak.

Gainera, Aiete aldeko ibilbidea ere luzatuko da, Andoain kaletik, Pagolan zerbitzua emateko. Alde horretan, egun garraio publikorik ez baitu, lau geltoki berri egongo dira: Andoain 17, Pagola, Oriamendi eta Aiete 93. Horrela, Aiete pasealekuaren aldeko, Bera Berako eta Pagolako erabiltzaileek Bulebar ingurura hurbiltzeko zerbitzua izango dute. Horrez gain, Etxadi geltokia kenduko da ibilbidetik.

Era berean, linearen maiztasuna hobetuko da, 30 minutukoa izatetik 20 minutukoa izatera pasako da.

45 linea

Linea hau luzatu egingo dute, eta bukaerako geltokia Etxadiraino iritsiko da, Tolosa kalean amaitu beharrean. Hala, Errotaburu, Lugaritz, Bera Bera eta Barroto-Etxadiraino luzatuko dute ibilbidea. Hala, Aieteko eremu bat tren eta autobus geltokiekin lotuta geratuko da, eta Bera Bera nahiz Etxadi, Antigua eta Erdialdearekin.

45 linearen ordutegia eta maiztasuna ere aldatuko dute. Horrela, 24 linea (Altza-Gros-Antigua-Intxaurrondo) eta 27 lineekin (Altza-Intxaurrondo-Antigua-Gros) konbinatuz, 15 minutuan behin Renfe eta autobus geltokiarekin lotura lortuko da.

Linea honen geltoki berriak:

Etxadi alderantz: Lugaritz Euskotren, Lugaritz zaharren egoitza, Bera Bera 57, Bera Bera 47, Bera Bera 31, Bera Bera 2 eta Etxadi.

Renfre-autobus geltokia: Etxadi, Bera Bera 133, Bera Bera 89, Bera Bera 85, Lugaritz 27 eta Lugaritz Euskotren.

23 linea

45 lineak Bera Bera hartuta, 23 linearen ibilbidea ere aldatuko dute: 23 Errondo-Puio bilakatuko da. Hau da, Erdialdera jaisteko, Katalina Eleizegi kaletik igaroko da, eta Pio XIIetik Aldapetatik igaro ordez. Gainera, ibilbidea luzatu, eta Askatasunaren etorbide ingururaino; azken geldialdia Urbieta 6an egingo du.

Geltoki berriak prestatuko dira Urbieta 38an, Katalina Eleizegi 25ean, Katalina Eleizegi 13an, Katalina Eleizegi 1ean, Colladon, Antso Jakituna 35ean, Antso Jakituna 11n, Easo Plazan, Easo 9an eta Urbieta 6an. Horrela, Katalina Eleizegin zerbitzua bikoiztu egingo da, eta konexioak izango ditu bai 23 linearekin bai 32 linearekin, modu konbinatutan, 15 minutuan behin gutxi gorabehera.

32 linea

32-Puio-Errondo lineak ibilbide luzeagoa egingo du Erdialdetik Askatasunaren hiribidearen inguruneraino, eta bukaerako geldialdia Urbieta 6an egingo du. Era berean, geltoki berriak prestatuko dira Urbieta 6an, Urbieta 38an, Easo 9an eta Colladon. San Bartolome 9ko geldialdia kendu egingo da.

Aieten ere geltoki berria izango du, Etxadi Parkea II.ean. Era berean, aurrerantzean ez daBorroto 20an eta Oriamendi Etxadin geldituko.

Hauek dira, hainbat lineatan egingo diren aldaketa nagusiak, baina beste hainbat egokitzapen, geltoki berri eta hobekuntza ere iragarri dituzte gaur. Guztiak ikusgai daude Dbus-en webgunean.

Gautxoriak

Ostiraletik aurrera, autobusek beranduago egingo dituzte azken irteerak, eta egunero beranduago bukatuko da zerbitzua, 11:00etan, 11:30ean, edo 12:00etan, auzoaren arabera.

Uztaila eta abuztuan, asteburuko gautxori zerbitzua goizaldeko 4:00ak arte luzatuko da, ostiral, larunbat eta jai bezperatan.

Urgullerako zerbitzua ere abian da dagoeneko. Igeldora igotzeko zerbitzuaren maiztasuna ere aldatuko dute. Aurten lehen aldiz, etenik gabe, 10:05etik 21:05era zerbitzu gehiago eskainiko dituzte.

Agurtzane Altuna

logoa-irutxulo

1 comentario en “Hobekuntzak egingo ditu Dbusek Aiete eta Antiguako lineatan”

  1. Dbusek 2014aren bukaeran aurkeztu zuen bere aplikazioa. Geroztik 60.000 deskarga baino gehiago egin dira. Adierazi dute deskarga gehien dituen udal aplikazioetako bat dela. Gaur bertsio berria aurkeztu dute, Dbuseko erabiltzaileek jada eskura dezaketena. Bertsio berri hau doakoa da, eta prest dago Android gailuetarako. Laster iOS gailuetarako ere egongo da prest.
    Erabiltzaileek egindako proposamenen eta iradokizunetan oinarrituta egin dituzte hobekuntza asko, hala adierazi dute arduradunek. Dbuseko lineen eta haien ibilbideen eta ordutegien gaineko informazio osatuena eskaini nahi du aplikazioak.
    Bertsio berrian iritsiera alertak ezartzeko aukera dago. Dbuseko zerbitzuak euren geltokietara iristen direnean aplikazioak horren berri emango die. Gainera, Mugi txartela online kargatzeko sarbidea ere badu.
    Aplikazio berriarekin, hizkuntza aukeratu dezake erabiltzaileak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri.
    Zaharrentzat eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzat ere aplikazio praktikoa dela azaldu dute. Soinu bidezko informazio sistema bat du, iritsiera orduen berri emateko, eta autobus barruan ere geltokien inguruko informazioa ematen du.
    Gainera, iritsiera denborak adierazteko modua aldatu dute. Orain arte, autobus zerbitzua autobus geltoki batera iristeko falta ziren minutuak eman dira. Orain, benetako iritsiera denbora ez ezik, planifikatutako denborak ere emango dira.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio