Atzean ez gelditu eta teknologia berriekin batera aurrera egiteko gogoz, 55 urtetik gorako ehun bat lagun parte hartzen ari dira Helduen Hitzak eta Nabasi 2008k antolatutako hitzaldietan.
Internetek sekretu gutxi ditu egungo gazteentzat; adinekoen artean, berriz, arazoak ohikoagoak dira. Sareratu diren edo lehen pausoak eman nahi dituzten 55 urtetik gorakoei laguntzeko, Helduen Hitzak eta Nabasi 2008k teknologia berriei eta sare sozialei buruzko bi hitzaldi prestatu dituzte. 140 partaide inguru dira, bi taldetan banatuta. Lehena Topalekuan elkartu da azkeneko bi astearteetan; bigarrena, berriz, Okendo kultur etxean bilduko da datorren asteetan. Saio bakoitzak irauten duen bi orduetan, Nabasi 2008ko Oianko Txoperenak eta David Galarciak emandako azalpenak entzungo dituzte.