Etzi, ostegunean, aurkeztuko dute, kultur etxean. Apirilaren 30a arte izango da zabalik
‘Ana Frank. Gaurko historia bat’
Holokaustoaren biktimak oroitzeko nazioarteko egunean, urtarrilaren 27an, inauguratuko dute hain zuzen ere hura sufritu zuen protagonistetako bati eskainitako erakusketa. Ana Frank gazte judutarraren bizitza izango du ardatz Aieteko kultur etxeko erakusketak. 1929 eta 1945eko urteetara egingo dute bidaia bisitariek, Ana Franken bizitzako pasadizoen eta familia argazkien bidez. Ana Frank Alemanian bizi zen 1933an Hitler boterera iritsi eta erregimen totalitarioa ezarri zuenean. Nazien jazarpenetik ihes egin eta Herbeheretara joan zen familia guztiarekin. 1940an, ordea, soldadu naziak iritsi ziren bertara. Anaren gurasoek eguneroko bat oparitu zioten eta bertan idatzi zituen neska gazteak bere pentsamenduak eta esperientziak. Bi urte luze eman zituen ezkutatuta. 1945ean hil zen Bergen Belsen kontzentrazio esparruan.