Aieteko eskola publikoa berriz ere irekiko dute irailean

Bi eta hiru urteko umeei eskolak emango dizkiete; azken urteetan eraikinean ez dute eskolarik eman
raul perez Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Hezkuntza Sailak baieztatu duenez, Aieteko Azkarateneko eskola publikoa zabalduko dute 2006ko irailean. Bi eta hiru urteko haurrei emango dizkiete eskolak. Azkarateneko eskoletan garai batean haur txikiei eskolak ematen zizkieten, baina duela hamabost bat urte eskolak emateari utzi zioten. Geroztik ez da Aieten inongo ikastetxe publikorik izan. «Oso haur guxik izena ematen zutelako itxi zuten eskola», dio Hezkuntza Saileko eskoletako arduradun Carmen Arberasek. Orain, kontrakoa gertatzen da: «Aiete inguruko 100 bat haur joaten dira Amara Berriko eta Antiguako eskola publikoetara. Hori ikusita erabaki dugu irailean Azkaratene zabaltzea», azaldu du Hezkuntza Saileko kideak. Astelehenean bertan jakinarazi zien Hezkuntza Sailak Aieteko ikastetxe pribatuetako ordezkariei auzoan irailean ikastetxe publikoa zabalduko dutela.
Azkarateneko eraikinean Ikertze elkartea egon da azken urteetan. Hezkuntza Saileko kideak esandakoaren arabera, dagoenekeko jakinarazi diete Ikertzekoei apirilerako eraikina utzi egin beharko dutela. Irailean eskolak eman ahal izateko, aurreko hilabeteetan obrak egingo ditu Hezkuntza Sailak Azkaratenen. Eskolak sei gela ditu gaur egun eta , behealdean jangela eta psikomotrizitatea lantzeko aretoa jarriko dituzte. Arberasek esan duenez, auzo elkartearekin batera ari dira elkarlanean, aietear guztiek Azkaratene zabalduko dutela jakin dezaten.
Ondoren, Lehen Hezkuntza
Carmen Arberasek azaldu digunez, Azkarateneko eskola zabaldu eta gero beste urrats bat emango dute: «Lehen Hezkuntzako eskola ere egin nahi dugu Aieten». Hain justu, ikastetxe hori Puio-Lanberrin egiteko ados daude Udal Gobernua eta Hezkuntza Saila. Hala ere, Udalbatzaren osoko bilkurak du azken hitza; iraila bukaeran, Puio-Lanberriko proiektuari ikastetxea eta etxebizitzak egin nahi ditu Udal Gobernuak ezezkoa eman zion oposizioak