Lorena orozko » idazlea
Fecha Miércoles, 28 diciembre a las 21:42:42
Tema De todo / Denetatik


IrutxulokoHITZA - tik aterateko entrebista

«Barne-barnetik idazten dut; esateko moduari baino, esaten denari ematen diot garrantzia»

Lorena Orozko aietearrak Bizenta Mogel lehiaketa irabazi du 'Hegan zure magalera' ipuinarekin; idaztea berarentzat zaletasuna dela dio

Iñaki Lazkano

Lorena Orozko idazle gazte aietearrak 19 urte ditu, eta Bizenta Mogel ipuin lehiaketa irabazi berri du. Soin Hezkuntzarako Euskal Institutuan ikasle dabil, baina ez du literaturarekiko grina galdu.

Noiz hasi zinen idazten?

Txiki-txikitatik hasi nintzen idazten. Aitak hartara animatu ninduen, eta egunerokoak-eta idazten nituen hasieran. Ondoren, Axular Lizeoan ikasten nenbilela, ipuin-lehiaketetara aurkezteko esan zidan irakasle batek. Hala, Koldo Mitxelena saria bereganatu nuen bi aldiz.
Bizenta Mogel ipuin lehiaketa irabazi duzu. Zer kontatzen du ipuinak?

Ipuin tristea da. Minbizia duen neska gazte baten bizipenak ditu ardatz. Bizitzeko itxaropen handirik ez duela jakin ondoren, tratamendua utzi eta bi urteko semetxoari eta senarrari eskutitz bana idatziko die.
Idazle izateko asmorik duzu?

Ez dut uste. Idazle ona izatea oso zaila iruditzen zait. Idaztea zaletasuna besterik ez da niretzat. Soin Hezkuntzarako Euskal Institutuan ikasten ari naiz, kirol irakasle izan nahi baitut. Kirolak izugarri gustatzen zaizkit. Kazetaritza ere atsegin dut. Haurtzaroan Maritxu-Berritxu irratsaioan ibili nintzen eta oso esperientzia polita izan zen. Baina, azkenean, irakaskuntzaren bide hartu nuen.
Ipuinak idazteko orduan zein eratako gaiak lantzen dituzu?

Gertuko istorioez hitz egiten dut ipuinetan. Aurreko ipuinak, adibidez, preso baten bizipenak jasotzen ditu. Lagun bat atxilotu zuten, eta horrek idaztera bultzatu ninduen. Hunkitzen nauten gaiak lantzen ditut.
Zeintzuk dira zure idazle kutunenak?

Ez dut idazle kutunik, egia esan. Idazleari baino, liburuari erreparatzen diot. Historia oso gogoko dut, ordea. Toti Martinez de Lezearen liburuak, bereziki. Baita Arturo Perez Reverteren batzuk ere. Gaztelaniaz euskaraz baino gehiago irakurtzen dut. Durangoko Azokan erosi nituen azken euskal liburuak Adiskide maitea eta Txillardegiren Labartzari Agur izan ziren.
Idazteko garaian estiloari ala edukiari ematen diozu garrantzi handiagoa?
Barne-barnetik idazten dut. Erraietatik, alegia. Sentitzen dudana islatzen dut. Esateko moduari baino, esaten denari ematen diot garrantzia. Estiloa zaintzen dut, baina edukiari, irudimenari, ematen diot lehentasuna.

http://www.irutxulokohitza.info/hitza_n.php?herria=DONOSTIA&fetxa=2005-12-28&izena=p00003019&eskualdea=DONOSTIA&produktua=IRUTXULOKO








Este artículo proviene de Asociacion Vecinos AYETE San Sebastian - Donostia -ko AIETE -ko Bizilagunen Elkartea
http://www.aiete.net

La dirección de esta noticia es:
http://www.aiete.net/modules.php?name=News&file=article&sid=3