Aieteko jauregiko proiektua moldatu egin du Gobernuak Lorategian izan dezakeen eragina aztertzeko txostena egiten ari da Aldundia
ion lopez
Aieteko jauregian kultur etxea egiteko proiektua aldatu egin du Udal Gobernuak. Proiektuaren moldatzerakoan Udal Gobernuaren arkitektoek jauregiaren atzealdean egin nahi duten lur azpiko zabalpenaren eragin bisuala leundu nahi izan dute. Aldundia lehenengo proiektuaren aurka azaldu zen, eta desadostasunak saihesteko egin ditu aldaketak Udal Gobernuak. Aieteko bizilagunen elkarteko ordezkariei aldaketa hauek aurkeztu dizkiete, eta bizilagunak pozik daude. Felix Perez elkarteko lehendakariak esan digunez, «gure ustez, aldaketak egokiak dira, baina Aldundiak hartu dezakeen erabakiaren beldur gara. Ez gara fio Aldundiaren erabakiarekin». Madrilgo paisajista bati agindu dio Aldundiak Aieteko lorategiak ukitu daitezkeen ala ez erabakitzea.
Foru Aldundiaren txostena aldekoa bada, edo krititika larririk egiten badio proiektuari, martxoaren 28ko udalbatzarrean onartu egingo du proiektua, Udal Gobernuaren eta EAJren botoekin. Txostena proiektuaren aurkakoa balitz, badi- rudi, EAJk aurkako botoa emango duela, eta proiektua ez dela aurrera aterako.
Aldundiaren ikerketa loteslea ez bada ere, Gobernuak leundu egin du zabalpenak lorategietan duen eragin bisuala. Horrez gain, jauregiko behe solairuan eta lehenengo solairuan aldaketa gutxi egingo dituztela dio proiektu berriak. Bi solairu hauetan altzari klasikoak eta San Telmotik ekarriko dituzten artelanak jarriko omen dituzte. Kultur etxea eta giza eskubideen institutua jartzeko goiko solairua erabiliko dute. Sototik, berriz, lur azpiko gunera joan ahal izango da. Bizilagunek martxoaren 21ean gaiari buruzko beste bilera bat izango dute Udal Gobernuarekin.