Aieteko Munto baserria lurrera bota ahal izango dute
Aiete
Orain arte babestutako eraikinen zerrendan egon da, baina Plan Orokor berrian ez da ageri.
raul perez
Aiete pasealekuan, Gurutzeaga elizatik metro gutxira dagoen Munto baserria, lurrera bota ahal izango dute. Baserria orain arte babestuta egon da eta barrualdetik berritzea bazegoen ere, kanpoaldea bere horretan mantendu behar zen nahitaez. Hala ere, udalbatzak behin behineko onartu duen Plan Orokor berriaren arabera, Munto ez dago babestutako eraikinen artean. Ondorioz, plana bere horretan onartzen bada, behin betiko jabeek Munto lurrera bota ahal izango dute. Baserria urteak daramatza itxita eta duela pare bat urte jabeek, Urrestarazutarrek, saldu zioten arkitekto talde bati. Lantxabe auzo elkarteak Muntoko dolare zaharra eta baserria sagardotegia zeneko zenbait tresna Katxolara eraman zituen ¬Muntotik eramandakoarekin Katxolako dolarea martxan jarri dute¬. Auzo elkarteko kideak dolarea eta gainerako tresnak jasotzera Munton sartu zirenean eraikina egoera txarrean zegoela antzeman zuten. Duela pare bat hilabete konponketak egin behar izan zituzte teilatuan, teilak lurrera ez erortzeko.
Etxeak egitea jasota dago
Plan Orokorrak dioena zuzendu ezean, eraikina lurrera bota ahal izango dute, osorik, beste zerbait eraikitzeko. Etxeak egitea aurreikusita dago Muntoko plan berezian. Plan Orokorraren bulegoko teknikariak Katxolan izan ziren astelehenean, plan berriak Aieteri nola eragingo dion azaltzeko. Munto babestutako eraikinen zerrendatik at dagoela berresteaz gain, bertan eraikinez gero, oraingo azalera errespetatu beharko dutela.