Osasun mentala eskoletan

Eskoletan ikasleak osasun mentalean formatzen hasiko garela irakurri dut egunkarian. Sentitzen dutenari eta bizi dutenari izena jartzen erakutsiko diegula.

Ongi, ziurta diezazueket, guztiz beharrezkoa dela! Baina ez da nahikoa.

Ea… ongi dago hori guztia, oso ongi, baina uste dut zerbait gehiago ere egiten saia gaitezkeela; adibidez, mentalki osasuntsu bizitzen lagundu. Izan ere, formatu hitzak berak hori esan nahi du ezta? forma ematea; eta sentitzen dut baina, kasu honetan, denentzako berdina izango den planteamendu batek ez du balio.

Ez dakit, nik baino gehiago dakitenek hobeto esango dute, baina iruditzen zait gure seme-alaba eta ikasleei utziko diegun mundu desastre honekin, hori baino gehiago zor diegula. Eta tokatzen zaigu laguntzea, laguntzea euren burua ondo ezagutu dezaten, zer gustatzen zaien eta zer ez deskubritzen laguntzea, euren bokazioa topatzera animatzea, eta, azkenean, euren bizitza proiektua eraikitzen ari direnean, har ditzaketen bide guztiak erakustea.

Hori bai, bide horretan, hobe dugu bi gauza garbi eduki: bat, langintza honetan alperrik arituko garela eskolak eta familiak ez badugu elkarrekin lan egiten, eta, bi, gure ikasleei bide honetan laguntzeko denbora hartzen badugu, matematikari, historiari ala ingelesari, besteak beste, kendu egin beharko diogula.

Aukera dezagun.

Manex Mujika

Deja un comentario