Eskulturaren benetako esanahia, argitara

Josean Diez de Quevedo ‘Jadiku’ artista donostiarrak 1979an jarri zuen ‘Zergatik?’ eskultura Añorga Txikin. Lau hamarkada beranduago, galdera horren arrazoia kontatzea erabaki du.

Jadiku Añorga Txikiko ‘Zergatik?’ eskultura, eta haren alboan, Jadiku sortzailea. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Ez da pilotari bat. Ezta baserritar bat ere. Haserre dagoen pertsona bat irudikatzen du Zergatik? eskulturak. Jose Antonio Diez de Quevedo Jadiku artista donostiarraren salaketa bat da, gaur egun arte argitu nahi izan ez duena. Ordea, eskulturaren benetako esanahia azaltzeko unea iritsi dela dio. Añorgarekin eta Cementos Rezola fabrikaren lotura zuzena du eskulturak.

Añorga Txikin 1972an jarri zen bizitzen Jadiku, oraindik industrialdea zena auzune bihurtzen ari zenean. «Sistema feudal batean bizi ginela esan daiteke. Cementos Rezola fabrikak agintzen zuen Añorgan eta gainerako auzuneetan; tartean, Añorga Txikin. Orduko nagusia Julian Rezola zen, eta auzoan edozer egiteko baimena berari eskatu behar genion», gogoratu du Jadikuk. Esaterako, trenbidera iristeko bide bat egitea pentsatu zuten bizilagunek. «Rezolak jarri zuen zementua bidea eraikitzeko. Horrelako detaileekin auzotarrak pozik izatea zuten helburu», nabarmendu du Jadikuk.

Auzuneak «behar asko» zituen, eta horiei erantzuteko Añorga Txikiko auzo elkartea sortu zuten. Era berean, Cementos Rezola fabrikarekin harreman zuzenagoa izateko tresna izatea nahi zuten. Jadiku izendatu zuten presidente, eta, hasieratik, auzuneko «arazo esanguratsuena» konpontzen ahalegindu zen: «Rezolak asko kutsatzen zuen Añorga osoa, eta baita Añorga Txiki ere. Zementu fabrikak etxe guztiak hauts zuriz estaltzen zituen». Irtenbide baten bila, fabrikarekin bilera batzuk egin zituen auzo elkarteak. «Kutsadura gutxitzeko filtro berezi batzuk jarriko dituztela esan ziguten, baina ez zuten esandakoa bete», salatu du Jadikuk.

Hori dela eta, auzo elkarteak Donostiako Udalarengana eta Eusko Jaurlaritzarengana jo behar izan zuela dio Jadikuk: «Egia esan, udalak ez zekien arazoa nola konpondu. Aldiz, Jaurlaritzak behin eta berriro adierazi zigun fabrikak ingurumen arauak betetzen zituela. Batera eta bestera ibili ondoren, argi ikusi genuen ez zegoela arazoa konpontzeko modurik eta borondaterik».

Artea eta protesta

Testuinguru horretan, Jadikuk lorategietan eskulturak jartzeko proposamena luzatu zion auzo elkarteari: «Ideia ona iruditu zitzaien, eta lehenengoa nik egingo nuela esan nien. Ordurako, hainbat eskultura eta artelan eginak nituen», gogoratu du Jadikuk. Horrela sortu zuen Zergatik? eskultura 70eko hamarkadaren bukaeran: «Jesus Mari Ijurkoren eta Arturo Zelarainen laguntza izan nuen. Ijurkok Rezolan egiten zuen lan, eta soldatzailea zen. Haren bitartez lortu nuen materiala. Zelarainek, berriz, forja batean egiten zuen lan, eta han egokitu zituen eskulturaren pieza batzuk».

1979an inauguratu zuten Zergatik? eskultura, eta El Diario Vasco egunkariak kronika batean jaso zuen: «Eskulturak lurretik altxatzen ari den pertsona bat irudikatzen du. Pertsonaiak lau metroko luzera eta bi metroko altuera du. Bakoitzak nahieran interpretatzeko eskultura da». Ordea, hori ez da eskulturaren benetako esanahia.

Cementos Rezola fabrikari begira kokatu zuen eskultura, 1979an. (Argazkia: Jadiku)

Lau hamarkada beranduago, Jadikuk IRUTXULOKO HITZAri kontatu nahi izan dio egia: «Zergatik? Rezolaren kontrako eskultura bat da. Pertsonaia fabrikari begira kokatu nuen, ukabila altxata. Auzoari eragiten zion kutsadura salatzeko sortu nuen. Horretarako, Rezolaren desegiteko materiala erabili nuen: burdin zatiak, hegaxkak eta hodi zatiak. Hau da, beraien materiala erabili nuen haien kontrako eskultura bat egiteko». Garai hartan, Añorga Txikin bizi ziren auzotar batzuek esanahiaren berri bazutela aitortu du. Horrela ere, ezkutatzea erabaki zuen. «Egia esan izan banu, eskulturak ez zuen zutik egun bakar bat ere iraungo», nabarmendu du Jadikuk.

Fabrikaren bilakaera

Urte asko pasa dira eskultura inauguratu zuenetik, eta Cementos Rezola ez da garai hartakoa. Izena mantendu arren, 80ko hamarkadatik atzerriko enpresek kudeatu dute. Gainera, gero eta langile gutxiago dira auzoan bizi direnak. «Guztira, bost bat direla esango nuke. Beraz, une aproposa da eskulturak irudikatzen duen protesta argitzeko».

Aldarrikapen moduan ere egin duela aitortu du artista donostiarrak. Izan ere, udalak Añorga Txikin eraiki nahi dituen 250 etxebizitzen kontra dago: «Urtetan Rezolaren hautsa irentsi behar izan genuen, eta, orain, udalak etxebizitzak egin nahi ditu auzotarren iritzia kontuan hartu gabe. Zergatik?».

Inaxio Esnaola

2023/02/24

Deja un comentario