Easo Abesbatzak Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du aurten

Parte Zaharreko Agote tabernan errotu zen Easo Abesbatza, 1940an. Ordutik handitzen joan da, eta hamar abesbatza eta 330 kantore batzen ditu gaur egun. Donostiako kultur agendan oso garrantzitsua da, eta aurten, Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du. Santos Sarasola presidenteordearekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak.

Santos Sarasola, Easo Abesbatzako presidenteordea. (Argazkia: Sara Ibarguren)

–Easo Abesbatzak Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du aurten. Nola hartu zenuten albistea?

Eneko Goia alkateak deitu zidan zuzenean hori esateko. Guk harremana daukagu udalarekin, besteak beste, kontzertuak eta beraien ospakizunak edertzen saiatzen garelako. Esan zidan aho batez aukeratu zutela Easo Abesbatza domina jasotzeko, eta oso gustura gaude. Horrelako keinuak beti opari txiki bat izaten dira.

-Noiz eta nola sortu zen Easo Abesbatza?

Easo Abesbatza 1940. urtean sortu zen, beraz, 83. urtemuga du aurten. 1936ko gerragatik kanpora alde eginda zeuden eta hemen ezkutuan zeuden hainbat gizonek ez zuten abesbatzetan parte hartzeko aukerarik, garai hartan eskatzen zutelako Francoren mugimenduaren printzipioak sinatzea. Gizon horiek ez zuten lortu abesbatzetan sartzea horregatik, baina talde bat hasi zen kantatzen Parte Zaharreko taberna batean, eta gero Zarauzko batzuekin elkartu ziren, Los Cosacos de Zaraustarkoff taldearekin, eta horrela sortu zuten Easo Abesbatza.

-Parte Zaharreko Agote tabernan elkartzen ziren hasieran. Zer egiten zuten bertan?

Kantatu egiten zuten, noski. Nik ez dakit soilik entsegu moduan edo dibertitzeko egiten zuten, besterik gabe. Baina entsegu itxura bazuen, izan ere, Agotek, tabernaren jabeak, tabernako jende guztia isilarazten zuen gizon horiek abestu egin behar zutelako. Noski, ez ziren bost minutuko saioak, beraz, elkarrekin kantatuz eta abar, uste dut abesbatza eratzeko asmoa sortu zela.

-Zenbat lagun ziren hasiera hartan?

Zarauztarrekin elkartu aurretik, 20-25 lagun inguru izango ziren. Gero, talde handiagoa sortu zen, eta geroztik Easo Abesbatzak 60 kantore inguru izan zituen. Sekulako ahotsa zuten kantoreak ziren, eta abesbatzak ere horrelako ospea zuen.

SONY DSC

-Angel Galarza izan zen lehenengo zuzendaria. Nolako ekarpena egin zion taldeari?

Angelek korua pixka bat aldatuta zegoenean hartu zuen zuzendari kargua. Aurretik, informalki aritzen ziren kantuan, nahiz eta barruan bazegoen musika ezagutu eta zuzentzen zuen norbait. Angel Galarza kategoria handiko zuzendaria zen, eta berak lagundu zuen abesbatza finkatzen. Egia esan, Easo Abesbatzak oso zuzendari garrantzitsuak eduki izan ditu, goi mailakoak, alegia.

-1949an 536 bazkide zituen Easo Abesbatzak. Gaur egun, zenbat ditu?

Guk 1.000 inguru kontatzen ditugu, baina 900 eta koska izan daitezke. Orain, bazkide baino gehiago, Koruaren Lagunak deitzen diegu, bestela, asanbladatara denak ekarri beharko genituzkeelako. Une honetan, bazkideak soilik koruko kideak dira.

Aieteko Caballerizas / Topaleku

-Zein egoitza izan ditu abesbatzak?

Asko izan ditu. Easo Abesbatza talde nomada bat izan da: Nivelty zineman, Bellas Artesen, Los Angeles ikastetxean (gaur egun Orfeoiaren Egoitza dena), eta beste hainbat lekutan aritu ziren entseatzen. Azkenean, Aieteko Caballerizas etxean entseatzen bukatu zuten. Hor entseatzen ari zirela sartu nintzen ni koruan. Orduan, San Tomas lizeoko zuzendaria nintzen, eta lanean nengoela, bukaeran, hasi nintzen harremanetan abesbatzako presidentea zen Peli Egañarekin. Berak udaletxean eskatu zuen gaur egungo egoitza dena erortzear zegoenez, ea utziko ziguten berreraikitzen. 2000. urtean berreraiki genuen, eta ni batzordean sartu nintzen. Etxe berri bat egitea bezala izan zen, milioi bat euroko kostua izan zuen obra hark. Gero, ni presidente nengoela, beheko auditorioa egin genuen. Beraz, une honetan dauzkagu Marañon doktorea kaleko egoitza hau, eta beheko auditorioa.

Villa Araoz (Marañon doktorea kaleko)

-Hasieran soilik gizonek osatzen zuten, baina gaur egun, hamar abesbatzek osatzen dute Easo Abesbatza. Asko zabaldu da hasieratik hona.

Bai, gaur egun, 330 kantore ditugu. 7 urteko haurrekin hasten gara, gaztetxoekin jarraitzen dugu, eta gazteek nahiz eta batzuetan elkarrekin kantatu, banatutako taldeak ere badituzte neskek eta mutilek. Gizonen korua eta emakumeen korua ere baditugu, eta mistoa ere bai. Jubilatuek euren abesbatza propioa ere badute, eta 75. urteurrena ospatu genuenean, 2015ean, Easoko lehengo kantoreak ekarri genituen. Kontzertu batzuk egin genituen elkarrekin, eta ondoren, hain gustura zeudenez, jarraitu egin zuten eta beteranoen korua eratu zuten. Azkenik, Kapera Gregorianista izeneko abesbatza ere badugu, eta ni bertako kidea naiz.

-Askotan entzuten da abesbatzak soilik helduen kontuak direla. Easo Abesbatzan demostratzen da ezetz, ezta?

Egia esan, kontzertu garrantzitsuenak ematen dituztenak gazteak dira, Musika Hamabostaldian eta abar. Batezbesteko media 30-35 urte da. Horiek 7 urterekin hasi ziren abesbatzan, eta oso formatuak iristen dira, solfeoa kontrolatu eta koruan abesten dakitelako.

-Donostiako abesbatzen egoera nolakoa da zure ustez?

Nik esango nuke bi abesbatza handi daudela: Donostiako Orfeoia eta Easo Abesbatza. Handiak dira ez guk esaten dugulako, baizik eta instituzioak maila horretan onartzen gaituztelako. Horrez gain, laguntza nominatiboa dugunak gu biok eta Bilboko bat dira. Donostian era desberdinetako koruak daude. Normalean, adineko pertsonek osatutakoak izaten dira, baina badira gizarteko koruak ere: Gaztelupekoa, El Orfeon de la Castaña, Ibaiertz eta beste hainbat. Batez ere, iruditzen zait Donostian abesbatzetan aritzeko gogoa dagoela, baina, batez ere, helduen koruak daudela. Ez da erraza umeak abesbatza batean integratzea; guk, adibidez, zortzi ikastetxerekin daukagu ituna. Haurrentzat dagoen eskaintza zabalaren aurrean, lortzen dugu batzuk abesbatzara animatzea, eta egia da etortzen dena geratu ere egiten dela.

-Koruen artean norgehiagokak sortzen dira?

Joera hori izan da, eta ez naiz pertsonalizatzen hasiko, baina badago koruaren eta musikaren munduan besteekiko jeloskortasuna sentitzeko joera hori. Easo Abesbatzan nahi dugu hori gutxitu. Adibidez, guk Donostiako Orfeoiaren domina dugu, eta haiek gure ikurra dute, ekitaldi berezietan emandakoak. Eta ez Orfeoiarekin bakarrik, Donostiako gainerako koruekin ere saiatzen gara emankizunak elkarrekin eskaintzen.

-Hiriko kultur agendan nahiko txertatuta zaudetela iruditzen zaizu?

Bai. Iaz, 91 kontzertu eta ikuskizun eskaini genituen. Musika Hamabostaldian bost kontzertu izan ziren, Orkestarekin bi, Matinée bat, Kursaalean beste bat… Donostian 36 kontzertu eman genituen 2022an (kontzertu guztien %40).

Sara Ibarguren

Deja un comentario