Airbnb bidez eskaintzen diren etxebizitza turistikoen kopurua %16 igo da 2021etik 2022ra

Etxebizitza turistikoen batez besteko prezioa ere nabarmen igo da 2021etik 2022ra: %20,6.

Etxebizitza turistikoa. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Pandemian zehar, logikoa den moduan, Donostia bisitatu zuen turista kopurua murriztu egin zen, eta, horrekin batera, etxebizitza turistikoen eskaintza ere gutxitu egin zen. Ordea, pandemia aurreko egoera itzuli da, eta turistak ere itzuli dira hirira. Horrela, Haritik Hirira geografo taldeak Airbnb plataformaren bidez Donostian eskaintzen diren etxebizitza turistikoen datuak aztertu ditu, Inside Airbnb atariko datuetan oinarrituta. Josu del Campok eta Jon Maciasek osatzen dute Haritik Hirira.

Airbnb bidez Donostian eskaintzen diren etxebizitzak. (Mapa: Haritik Hirira)

Lehenengo ondorioa argia da hirian plataforma horren bidez eskaintzen diren etxebizitza turistikoen kopurua %15,93 igo da 2021eko irailetik 2022ko irailera. Izan ere, 1.431 etxebizitza turistiko eskaintzen diren Airbnb bidez Donostian 2021eko irailean, eta 1.659 iazko irailean. Datu adierazgarria da, 2019ko abenduaren 31n, pandemiaren aurretik, 1.569 etxebizitza turistiko eskaintzen baitziren hirian aipatu plataformaren bidez, Haritik Hirirak 2021ean egindako ikerketaren datuen arabera; hau da, pandemiaren aurretik baino etxebizitza turistiko gehiago daude orain.

Erdialdea, Parte Zaharra eta Gros dira etxebizitza turistiko gehien metatzen dituzten auzoak, eta erdialdean (Erdialdea eta Parte Zaharra auzoak aintzat hartuta) izandako igoera nabarmendu dute geografoek, %18,06 igo baita Airbnb bidez eskainitako etxebizitza turistikoen kopurua 2021eko irailetik 2022ko irailera.

Airbnb bidez eskaintzen diren etxebizitza turistikoak, auzoz auzo. (Grafikoa: Haritik Hirira)

Auzoz auzoko datuak ere eman dituzte geografoek (grafikoa, goian), eta Zubietan eta Miramon-Zorroagan izan ezik, gainontzeko auzo guztietan 2021eko irailean baino etxebizitza turistiko gehiago edo kopuru bera zegoen 2022ko irailean. Gainera, Zubietan eta Miramon-Zorroagan etxebizitza turistiko bana gutxiago baino ez dago. Era berean, nabarmena da erdialdetik (Erdialdea eta Parte Zaharra) eta Grosetik gainontzeko auzoetara dagoen alde handia; hurrengo mapan ikus daitezke bi eremu horiek zehatzago:

Airbnb bidez erdialdean (Erdialdea eta Parte Zaharra) eta Grosen eskaintzen diren etxebizitza turistikoak. (Mapa: Haritik Hirira)

Airbnb bidez erdialdean (Erdialdea eta Parte Zaharra) eta Grosen eskaintzen diren etxebizitza turistikoak. (Mapa: Haritik Hirira)

Errentagarritasuna eta prezioak gora

Sarritan esan ohi da hiriaren erdigunetik gertuen dauden auzoak direla turistikoenak eta errentagarrienak, eta horren nondik norakoak ere azaldu dituzte Haritik Hirirakoek: “Hainbat ikerketen arabera, alokairu turistikoen errentagarritasuna alokairu arrunt batena baino hiru aldiz handiagoa izatera iritsi daiteke (Airbnb, la ciudad uberizada)”.

Horrek, jakina, prezioetan ere badu eragina, eta igoera nabarmena izan du Donostian Airbnb bidez eskaintzen diren etxebizitza turistikoen gaueko batez besteko prezioak: “2021. urteko irailean 168,83 euroan ordaintzen zen gaueko batez besteko egonaldia. Urtebete beranduago, 203,62 euroan, %20,60ko hazkundea suposatuz”, azaldu dute geografoek. Datu adierazgarria da, zentzu horretan Euskal Herriko hiribururik garestiena izateaz gain, New Yorken, Bartzelonaren, Madrilen eta Parisen moduko hirietan baino gehiago ordaintzen baita Donostian etxebizitza turistiko batengatik, hurrengo grafikoan ikus daitekeenez:

Airbnb bidez eskaintzen diren etxebizitza turistikoen gaueko batez besteko prezioa, hainbat hiritan. (Grafikoa: Haritik Hirira)

Gainera, sektorea “profesionalizatu” egin dela gogorarazi du Haritik Hirirak: “Etxebizitzak negozio bilakatzeko aukera honek inbertsore eta enpresari ugari erakarri ditu, sektorea profesionalizatuz. Adibide moduan, Airbnb-n pisu gehien iragartzen dituzten erabiltzaileak ikustea besterik ez dago: Feel Free Rentals, Basque Stay, The Rentals Collection, eta abar. Enpresa hauen agerraldiak, gainera, erabiltzaileen profilean gutxikako aldaketak eragiten ari da, bereziki pandemia ondorengo Airbnb merkatuan, etxe turistikoen jabetza esku gutxiagotan kontzentratuz eta oligopoliorako joera bultzatuz”.

Horren guztiaren albo kalteak ere azaldu dituzte geografoek: “Dozenaka pisu dituzten erabiltzaile profesionalek etxebizitzak garbitu eta mantentzeko langileen beharra izaten dute. Honek, askotan ezkutuan egiten den lan-kate luzea sortzen du, garbiketekin loturiko lan baldintza eskas eta prekarioko lanpostuak ugarituz. Donostiak bizi duen etxebizitza larrialdia are gehiago gaiztotu da Airbnb-ren moduko plataformek familia etxebizitzak negozio bilakatzeko prozesuarekin, egungo egoera itogarria iraultzeko neurri sakonak hartzea ezinbestekoa izanik”. Haritik Hirirako kide Josu del Campo Xaloa telebistan izan da, ikerketaren nondik norakoak zabalago azaltzen.

Josu de Campo eta Jon Maci

Haritik Hiriraren ikerketak

Geografoek hainbat ikerketa interesgarri egin dituzte 2021eko urtarriletik hona, bai Donostiari buruzkoak eta baita beste hiri batzuei buruzkoak ere. Donostiaren kasuan, nabarmentzeko modukoak dira apustu etxeei buruz egindakoa –hedabide honek erreportaje zabala egin zuen ondoren horren harira–, alokairuaren prezioaren inguruan egindakoa, auzoz auzoko atzerritarren jatorri nagusiei buruz egindakoa, hiriko eraikin altuenen inguruan egindakoa eta hotelen bilakaerari buruzkoa, besteak beste.

Beñat Parra

2023/01/03

Deja un comentario