Jendearen baikortasuna

Gramsciren historia borondatearen gorazarrea da. Pertseberantziaren artea menderatu behar da konbikzio honi eusteko: adimenaren ezkortasuna, borondatearen baikortasuna…

Duela hogei urte, Lantxabe auzo elkartearen sorreran, La Cumbre jauregia eta inguruko lorategiak hiriaren ondare izateko aldarrikatu genuen ‘Aieteko herritarren eskubideen aldeko gutuna’ izeneko idazkian.

Ordurako, kultur etxea, osasun zentroa, eskola publikoa, Munto plaza eta beste egitasmo batzuk bideratzea jada lortu genuen.

La Cumbre lortzeak amets bat zirudien, kontuan harturik zer tamaina duen eta nolako leku bikainean dagoen Donostian —hiriaren ikusmiraz bete-betean gozatzeko moduko talaia zoragarri horretan—, nor den eraikinaren jabea –Espainiako Estatua– , nortzuk izan diren jauregian –gobernadore zibilak eta gobernuaren ordezkariak– eta zer-nolako gauza krudelak gertatu diren han –Lasa eta Zabalaren kasua–.

Baina, bat-batean, miraria gertatu zen. Joan den ekainaren 28an, Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk akordio bat lortu zuten, eta adostu zuten jauregia eta lorategiak Donostiako Udalari uztea. Akordio hau Memoria Demokratikorako Legearen markoan kokatu behar da.

Udal gobernuak ez du leku honen jabetza eskatu, baina Lantxabe auzo elkarteak hogei urte daramatza La Cumbreren lursaila parke eta lorategi publiko moduan aldarrikatzen.

Bizilagunek itxaropentsu hartu zuten albistea, jauregiaren harresiak ireki behar zituzten hiritarrentzako. Ordea, egun haietan, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak esan zuen “albiste on bat zela Donostiarentzako”, betiere udalak bere jabetza izateko aukera bazuen, “bere erabilera publikorako eta hiritarren gozamenerako”. Erantzun eszeptiko honek talka egiten zuen hiritarren pozarekin.

Zergatik erreakzio hotz hau? Pentsatu dezakegu La Cumbre eraikinak erabateko babesa duela, eta udalak ezin duela nahieran eraldatu. Udalak eta Hirigintza sailak ezingo du espekulatu espazio publiko honekin, ezta etxea deuseztatu ere, Donostiako beste toki batzuetan eta Aieten bertan egiten ari den moduan. Kasu honetan mugak dituzte: babestutako ondarearen katalogotik ezin dute atera, ezin dute pribatizatu eta ezin saldu Donostiaren ondare aberatsa hotelen industriari. Mugak jarri dizkiote euren grinari. Izan ere, La Cumbrek babes gorena du babestutako ondarearen planaren barruan. Hirigintzako fitxaren arabera, 17.800 metro koadroko azalera du lursailak.

Ez dirudi Udal Gobernuaren errezeloek La Cumbreren egoera fisikoarekin lotura duenik, agian lotura gehiago du Espainiako Gobernuarekin negoziazio batera behartu nahi izatearekin, eta La Cumbre hotel enpresa bati utzi nahi izatearekin, bere lurretan luxuzko etxebizitzak egiteko, ondoan dagoen lursail batean egin duten moduan, Txanpuene baserrian, kasurako. Antzeko zerbait egin zuten aurreko gobernuek Yeyete etxean.

La Cumbrerekin ezingo dute, eta hiritarren indarraren lekuko izango da. Baina, mesfidantza zergatik? Badugu zertaz kezkatu. Itxas Gain etxea Mercer hotel enpresari saldu zioten, eta orain luxuzko hotel bat egingo dute bertan. Etxe hau Gizarte Laneko eskola bat izan zen. Gotzaindegiarena eta Kutxarena zen; haiek dira operazio komertzial honen onuradunak.

Fedearen pasealekuko Itziarko Andre Maria etxea bota dute; duela urtebete, Txanpuene, baita Baenako dukearen pasealekuko Villa Luisa eta Ikustoki ere. Kontxatik jada hormigoizko harresi handi bat ikusten hasi gara. Apenas geratzen dira zuhaitzak eta lorategiak babestutako zona erromantikoan.

Lantxabe lanean ari da Hiri antolamendurako plan orokor berrian La Cumbre jauregia eta parkea sartzeko, iragarritako akordioak atzera bueltarik izan ez dezan. La Cumbre Aiete baldin bada ere, hiri guztiarentzako ondarea da, Miramar jauregia eta lorategia denonak diren moduan.

Gure apustua da espazio hau irekitzea, bere garaian Aieteko parkea ireki zuten moduan. Jauregiaren ateak ireki zirenean Frankismoak utzitako aire kutsatua garbitu zen. La Cumbreren kasuan ere desinfektatu beharra dago Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren biktimarioak gogora ekartzen dituen giro toxiko hori.

Felix Perez

Aieteko Lantxabe auzo elkartea

2022/12/16

Deja un comentario