Indarkeria matxistaren kontrako eguna da gaur

Indarkeria matxistaren kontrako eguna da gaur, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak kalera ateratzeko deia egin du. Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude! lelopean egingo ditu manifestazioak hiriburuetan: 19:00etan izango da Donostiakoa, eta Bulebarretik aterako da. Indarkeria matxistaren “hamaika formak” salatuko dituzte, eta autodefentsa feminista aldarrikatuko dute. Gizonei, berriz, dagozkien “ardurak” hartzeko eskatuko diete: “Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer ez bada aldatzen”, azaldu zuten mugimenduko kideek astelehenean, gaurko ekitaldiak aurkezteko egindako agerraldian.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiriburuetan antolatutako protesta horiez gain, Gipuzkoako herririk gehienetan izango dira mobilizazioak, bai talde feministek antolatuta, bai erakunde publikoek deituta. Gaurko egunera mugatu gabe, egitarau zabalak osatu dituzte, gainera, hilabete osoan. Mugimendu feministak aipatutako indarkeria matxistaren “hamaika forma” horien barruan sartzen dira, besteak beste, indarkeria instituzionala, lan esparruan emakumeek jasaten dutena, etxe barrukoa, heteroarautik ateratzeak sortutakoa, indarkeria obstetrikoa, sare sozialetakoa eta beste hainbat eta hainbat indarkeria mota.

Miren Garateik hartua

Gipuzkoako Hitza

Ostiral honetan Donostian

Azaroaren 25eko mobilizazioa.

Mugimendu feministak deituta, ehunka lagun mobilizatu dira ostiral honetan Donostian, Beldurra eta borrokaren aurrean, justizia feminista lelopean. Bulebarretik abiatu da manifestazioa, 19:00etan, batukadaren erritmora eta argi zuziak zeramatzaten hainbat feminista buru zituela. Erdialdeko kaleak zeharkatu dituzte, besteak beste, “kaleak, gauak, gureak dira” eta “gora borroka feminista” oihukatuz, eta Bulebarrean bertan bukatu dute mobilizazioa.

Azaroaren 25eko mobilizazioa.

Kioskoan egin dute manifestazioaren bukaerako irakurketa, han elkarretaratuta zeuden negazionista gutxi batzuk mobilizazio feminista oztopatzen saiatu badira ere. Irakurketan, “aurten erailak izan diren emakumeak” izan dituzte gogoan, eta “nazkatuta” daudela adierazi dute. Izan ere, erailketa matxistak hartzen duen “formarik muturrekoena” erailketa dela nabarmendu dute, baina baita azaldu ere indarkeria mota horrek “beste hamaika forma” dituela eta “emakume, trans eta bollerek egunerokotasunean pairatzen” dituztela: “Aurreko urtean ere, salatu genuen pandemia oste honetan sistema heteropatriarkal kapitalista are modu gordinagoan agertu zaigula, eta beraz, indarkeria matxista ere modu gordinean azaleratu zaigu; indarkeria instituzionala, lan esparruan jasaten duguna, etxean jasaten duguna, sare sozialetan pairatzen duguna, kalean eragiten digutena, heteroarautik ateratzearren jasaten duguna, eta abar”.

Azaroaren 25eko mobilizazioa.

Deja un comentario