Tona erdi bat hondakin baino gehiago atera dute Urumeatik

Besteak beste, bizikletak atera dituzte Urumea ibaitik. (Argazkia: Donostiako Udala)

Eguzki Erakunde Ekologistak joan den astean salatu zuen Urumea ibaian hondakin ugari agertu zirela berriz ere, Mundaiz zubitik gertu. Udalak hondakin horiek guztiak erretiratu berri ditu, eta jakinarazi duenez, tona erdi bat baino gehiago hondakin atera dute ibaitik; zehazki, 560 kilo. Hamar langilek hartu zuten parte garbiketa operatiboan, eta horietako lau uretan sartuta aritu ziren, asteazkeneko 13:00etatik 16:00etara.

Askotariko hondakinak atera zituzten: lau bizikleta, bizikleta estatiko bat, arropa garbigailu bat, sofa bat, hiru mikrouhin labe, hamar komun ontzi, somier bat, parrilla bat, barbakoa bat eta burdinazko hainbat pieza. Hondakin gehienak FCC enpresaren plantara eraman dituzte, materialaren arabera banatzeko. Komun ontziak, aldiz, Aizmendiko plantara eraman dituzte, eta sofa San Marcosera. Denbora gutxian gertakariak errepikatu egin direnez, udalak salaketa egitea erabaki du, eta kasua Fiskaltzaren eskuetan utzi du, gertatzen ari dena ikertu dezan.

Arrauning elkarteak hedabide honi jakinarazi dionez, asteazkenean beraiek ere Mundaiz zubiaren inguruan zeuden hondakinak ibaitik ateratzera joan ziren. Justu beraiek iritsi zirenean, udaleko langileak joan egin ziren. Hala ere, badaezpada ere, inguruan begiratzen aritu ziren, eta azkenean askotariko hondakinak atera zituzten beraiek ere, beheko argazkietan ikus daitekeen moduan.

Hondakin ugari atera zituzten Arrauningekoek Urumeatik. (Argazkia: Arrauning)

Gogoratu behar da martxoan ere, Eguzkiren beste salaketa baten ostean, udalak zazpi tona hondakin baino gehiago atera zituela ibaitik. Orduan ere denetarik atera zen Urumeatik: mikrouhin labeak, lisatzeko oholak, gurpildun aulki bat, somierrak, komun ontziak, itzalkinak eta kutxa erregistratzaile bat, besteak beste.

trainera de arrauning

Eguzkik ez ezik, Urumeatik ibiltzeko kanoak alokatzen dituen Arrauning elkarteak urteak daramatza Urumean askotariko hondakinak aurkitzen dituztela salatzen, baita hondakin horiek ibaitik ateratzen eta ibaia garbitzeko irteerak antolatzen ere.

Lau langile ibaian sartuta aritu dira hondakinak ateratzen. (Argazkia: Donostiako Udala)
Urumeatik ateratako hondakin batzuk, kamioian sartuta. (Argazkia: Donostiako Udala)

Urumeatik ateratako hondakin batzuk, kamioian sartuta. (Argazkia: Donostiako Udala)

2022/08/04

Beñat Parra

Deja un comentario