Donostiako II. Bertsolari Eguna

Manex Mujika Amunarriz

Irakaslea

Bihar arratsaldean Donostiako II. Bertsolari Eguna ospatuko dugu Easo plaza inguruko tabernatan eta Donosti Berri elkartean. Bai, bigarrena, gehienok jakingo ez duzuen arren pandemia baino hilabete batzuk lehenago, lehenengoa ospatu baikenuen, Donostiako auzo ezberdinetan. Alde zaharrean egin genuen ospakizunik handiena; tabernaz taberna bertsotan aritu ondoren, afalosteko giro bikaina izan genuen. Elkartzeko eta elkar ezagutzeko aitzakia ederra izan zen.

Kontua da, hori, bihar hamasei bertsolari donostiar eta donostiartu elkartuko garela, bertsotan aritzeko aitzakian, arratsaldea gozatu eta, ustez, goza araztera.

Hamasei. Nik ez dakit asko ala gutxi diren baina entzun nahi duenari kontatuko diot duela 23 urte, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa antolatu zenean, ezin izan genuela talderik osatu. Bai, izango ziren gehiago, baina bi bertsolari baino ez ginen elkartu orduan, eta azkenean, batek Hernanirekin eta besteak Oreretarekin kantatu genuen.

Eta nola aldatzen diren gauzak, bertsozale! Azkeneko herriartekoan bi talde atera genituen, Gipuzkoako txapelketan dozena bat bertsolari izan ginen donostiarrak eta, duela urte gutxi batzuk, Gipuzkoako txapelduna eta eskolartekoa donostiarrak ziren, bi Beñat.

Ba, hori, nik ez dakit hamasei asko ala gutxi diren, baina, uste dut, iritsi dela ordua donostiarrok geure buruari ezartzen dizkiogun konplejoak gainditu eta geurea aldarrikatzeko. Nik ere nahi nuke hiri euskaldunago, bertsozaleago eta euskalzaleago bat, besteak beste; baina guk geuk ez badugu sinisten zerbait bagarela, ezingo dugu inoiz nahi genukeen horretara iritsi.

Bihar arte.

2022/05/20

Deja un comentario