Arte Ederren eraikina «babesik gabe» utzi dutela salatu du Ancorak

Arte Ederrak AncoraArte Ederren eraikinean luxuzko hotel bat egingo dute. (Argazkia: Ancora)

Ancorak jakinarazi du Donostiako Arte Ederren eraikina Estatuko zinematograforik zaharrena dela, eta Europan kontserbatzen zen Lehen Mundu Gerra baino lehenagoko bakarrenetakoa. “Zalantzarik gabe, balio historiko eta arkitektonikoa du. ICOMOSek, UNESCOk ondarearen arloan duen aholkularitza-erakundeak, nazioarteko alerta bat jarri zuen abian -Estatu mailan bakarra da-, haren babesa eskatzeko. Adierazpen horrek pisu handia izaten jarraitzen du, eta gure hiriak hirigintza-kudeaketan arazo larria duela erakusten du, astero eraisketak egiten baitituzte”, azpimarratu du Ancorak.

Bere hitzetan, Eneko Goia alkateak eta bere gobernuak herritarrak, elkarteak eta ondare komun baten defentsan adituak direnak “alde batera” utzi nahi dituzte, “gutxi batzuek milioi askoko etekinak lor ditzaten”. Madrilgo Canalejas operazioan bezala, Interes Kulturaleko Ondasun izendatutako eraikin bat “babesik gabe” utzi dutela salatu du, zatika eraisteko: “lehenik kupula, orain barrualde osoa eta gero alboko fatxaden zati garrantzitsuak, espekulazio basatia ahalbidetzeko”, adierazi du.

Ancoraren arabera, jatorrizko eraikinaren %20 baino ez da mantenduko etorkizunean. Bi errekurtso jarri ditu, HEOBPB-ren fitxa eta eraisteko hirigintza-lizentzia aurkaratuz. Joan den urrian kautelazko geldialdi bat lortu zuen, obrak “ezkutuan” hasi zirela salatu ondoren. “Etenaldi hori ez zen denboran mantenduko fidantza gisa 4 milioi euro jarri ezean”, nabarmendu du Ancorak.

Arte Ederren Jauregiaren hustuketa integrala gauzatu da, baina fatxadak osorik daude oraindik. “Azkenean lizentzia gaizki eman zela frogatuko balitz, Donostiako Udalak legez kontra eraitsitakoa berreraiki beharko du”, jakinarazi du.

2022/05/10

Sara Ibarguren

Deja un comentario