Agur, Isidro

Isidro Yoldi, Urrats euskaltegiaren atarian, Karlos I.aren hiribideko egoitza ireki zuten urtean, 2010ean. (Argazkia: Hitza)

Isidro, hi izan haiz Urrats izena duen Amara Berriko euskaltegiaren burua eta arima, sortu zen une beretik.

Jada laster 40 urte beteko dituen euskaltegiko burua eta arima. Ezinbestean heu izan haiz sortu zen une beretik ezinbestekoa. Beti, harrokeriarik gabe ezohiko gaitasunarekin enpresaren lema eraman duena.

Une larrietan, eta horiek asko izan dituk, gaitasun izugarriarekin zuzendu duk ontzia, inoiz etsi gabe. Eskerrik asko Isidro, ez haugu ahaztuko inoiz eta hire oroitzapenak gugan segituko dik betirako.

Euskaltegia sortu genuenetik garbi izan huen kooperatiba zela biderik egokiena geure harremanak bideratzeko. Beti izan duk argi bidea hori zela aurrera egiteko, horregatik, oraintxe bertan eman dizkik eskerrak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop).

Oztopoz betetako bide luze honetan, etsi gabe segitu duk ilusioz aurrera egiteko, eta heu izan haiz motorra. Hasi Katalina Erauso kaleko egoitzatik eta oraingo Karlos I.arenera, erronka gogorrak heure bizkar hartuz. Hasi bederatzi lagunetik eta 40 lagunera eraman duk enpresa, Amara Berriko enpresa handiena izatera iristeraino.

Urte hauetako guztietako ibilbidean, oro har, euskalgintzarekin izandako harreman eta loturei erreparatuz, esan , jakin duala modu duinean, abegikortasunez eta gizatasunez aurrera eramaten. Horregatik mundu horretatik ere eskerrak eman dizkitek. Izan ere, bai erakundeekin, bai euskalgintzako beste eragileekin izan dituan harremanak eredugarriak izan dituk.

San Telmo museoan, Irutxuloko Hitzaren 10. urtemugaren ekitaldi batean.

Aipatu ditzakeagu Euskararen Kontseilua, HABE, Batuz, Donostiako Udala, Bagera, auzoko euskara batzordea… Konpromisoa, zintzotasuna eta beti aldarte ona aipatuko nizkik izan dituan ezaugarrien artean. Azken finean, erreferente bat izan haiz elkarlanean aritu haizen gune horietan guztietan. Eta, zer esanik ez lankideekin izan dituan harremanez.

Eta, zer esan hire bizitza pribatuaz? Hastapenetatik hor izan duk beti-beti hire lagun min Eva. Hire bizitzako pasadisu guztietan lagun eta maitea izan dena. Suertea izan duk, azkarregi joan bahaiz ere.

Agur, Isidro.

Jexux Arrizabalaga

Filosofoa

Irutxuloko Hitza

2022/05/2

Deja un comentario