Una giornata particolare, faxismoaren itzalpean garatutako maitasun istorioa.

Italiar komedia modernoaren ikurra

Berrogeita hamar urteko ibilbide luzean film asko zuzendu zituen Ettore Scolak, baina batez ere italiar komedia modernoaren sortzaile modura igaroko da historiara. Hil zen 84 urte zituela. Italiako Lehen Ministro Matteo Renzik adierazi zuen «italiar kulturan hutsune izugarria» utzi duela. Scolak Cannesko jaialdiko gidoi onenaren saria irabazi zuen 1980an La terrazza filmari esker, eta, besteak beste, Marcello Mastroianni, Vittorio Gassman eta Sophia Lorenekin lan egiteko modua izan zuen.

Ettore Scola 1931ko maiatzaren 10ean jaio zen, Trevico herrian. Marc’Aurelio umorezko aldizkarian kolaboratzen hasi zen oso gazte zela, eta han Federico Fellini, Furio Scarpelli eta antzeko figurak ezagutu zituen, besteak beste. 1950eko hamarkadan hainbat filmetarako eszenak idazten hasi zen, baina 1964an eman zuen zuzendaritzarako jauzia Se permettete parliamo di donne filmarekin, Vittorio Gassman protagonista lanean zela. Ondoren etorri ziren Il commissario Pepe (1969), Dramma della gelosia-Tutti i particolari in cronaca (1970), La famiglia (1988) eta La cena (1998). Lehen aipaturiko La terrazza-rekin batera, ordea, bere ibilbideko perlarik esanguratsuenak 1974ko C’eravamo tanto amati eta hiru urte geroago zuzendutako Una giornata particolare (1977) izan ziren. Lehenean hiru adiskideren istorioa kontatzen du, Gassmanek, Nino Manfredik eta Stefano Satta Floresek antzezturik. Hirurak daude Stefania Sandrellik antzezturiko Lucianaren pertsonaiaz maitemindurik. Bigarrena zinemaren historiako klasiko bat da dagoeneko. Sophia Lorenek eta Marcello Mastroianik maitasun istorio bat biziko dute faxismoaren itzalpean. Azkenetako filmetako bat Che strano chiamarsi Federico! izan zen, Felliniri buruzko dokumentala, haren heriotzaren 20. urteurrenean omenaldi modura egina.

2011ko abuztuak 30

Ettore Scolak zinema uztea erabaki du

Merkatuak ez duela behar adinako askatasunik uzten esan du, eta askatasuna funtsezkoa dela

ROMA (ITALIA) 20/01/2016.- Fotografía de archivo tomada el 18 de octubre de 2015 que muestra al director italiano Ettore Scola durante la presentación de «Ridendo e Scherzando» en la décima edición del Festival de Cine de Roma. El director de cine y guionista italiano Ettore Scola, realizador de filmes como «Una giornata particolare» y «La Famiglia» EFE/Claudio Onorati

Ettore Scola italiar zinemagileak zinemagintza uztea erabaki du, 80 urterekin, arlo horretan 50 urtez egin duen ibilbideko «ezertaz damutu gabe», adierazi duenez. Il Tempo egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean jakinarazi du Scolak ez duela film gehiago zuzenduko, kazetariak bere hurrengo filma zein izango den jakin nahian egindako galderari erantzunez. Pesaron egin diote elkarrizketa hori, 1943-1997 eman baitute han, Scolak Erromako ghettoko talde naziei buruz egindako film laburra.

Gerard Depardieu aktore nagusi izango zuen filma prestatzen ari zen Scola, baina «modu naturalez» hartu du dena bertan behera uzteko erabakia. «Niretzat funtsezkoa da askatasuna izatea, eta gaur egun merkatuak hartzen ditu erabakiak. Lehen ere egiten zuen hori, baina espazio zabalagoak zeuden askatasunarentzat eta salbuespenarentzat, eta ekoizleek arriskatzeko eta esperimentatzeko joera handiagoa zeukaten. Ez dut izan nahi takoi luzeko zapatekin eta karminarekin gazte itxurari eutsi nahi dioten andre zahar horietako baten antzekoa». Scolak adierazi du ez duela lortzen zinema «alaitasunez eta kezkarik gabe» egitea, lanbide horretan igarotako urterik onenetan bezala.

Deja un comentario