Euskaratuak

Cesare Paveseren lanaren euskarazko itzulpena

80ko hamarkadan hasi zen euskaraz ezagutarazten Paveseren lana. Bere lanak liburuetatik haratago, bere poeta izaerari ondo baino hobeto egokitzen zaion literatur aldizkarietan, hala nola Xaguxarra, Susa, Maiatz, Egan, Hegats eta, azkenik, Senezen edota antologia-liburuen bidez –adibidez Alkoola poemak, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak edo Bertzerenak– ezagutu ahal izan ditu euskal irakurleak.

Hona hemen, kronologikoki [Cesare Paveseren lan euskaratuak on-line, Euskarari Ekarriak webgunea]

euskarari ekarriak (armiarma.eus)

Cesare Paveseren poesia

Uzta urriagoa izan arren neurtitzetan, hordigarria da ardo hori: Paveseren irudien potentzia. Eta irudi horietatik unibertsalena hartu eta Xabier Letek jarri zuen “Etorriko da zure begiz heriotza”, eta Migel Anjel Unanuak “Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu”, eta Itxaro Bordak “Heriotza etorriko da eta zure begiak ukanen ditu”, eta Joseba Sarrionandiak “Helduren dun heriotza eta heure begiak ukanen dizkin”, eta Txema Larreak “Heriotzea jinen da eta zure begiak idukiko”…

Eta Ion Olano Carlosek “Helduko dun heriotza hire begiz” dio bere itzulpenean, Munduko Poesia Kaieren 29. zenbakian, Paveseren (Santo Stefano Belbo, Cuneo, Piemonte, 1908–Torino, 1950) poesia triste, ederrari dedikatutako hirurogei poema amultsuko liburu fin eta era berean amaigabe honetan.

Cesare Paveserentzat poesia suizidioarako bere bidean ehundutako beldur eta pesimismoen sarea da, ez zuena, finean, salbatu. Hautsen kontra ez baita sarerik. Torinoko Roma hotelean lo egiteko bere medizinaren hamabi, hogei, batek jakin zenbat zorrotxo hartu zituen batera; han joan zen: “Oro dun gauza bera/ igaro denez denbora/ egun batez heldu hintzen/ egunen batez hilko haiz./ Norbait zendu egin zunan/ aspaldian,/ norbait saiatu zena/ baina jakin ez zuena”.

Melville, Faulkner, Whitman, Dos Passos. Narratiban gizaki berri komunistaren arrastoa igartzen zitzaion gisa berean Paveseren poesia beste estetika batek bizi du, poesia du arean tragikoagoa, eta ematen du batzuetan bizitza eta zoriona ukatu egiten dituela, ez diola utzi nahi bere buruari ezelango ametsik: “Sufrituko dinagu egunsentian/ udaberriaren bisaia”.

Axolagabeki egiten die so gauzei. Heriotzak du dena mediatizatzen bere poesian. Hain da distantea. Eta hala ere bulkada hor dago, erreala da bere begirada, poesia formal horren atzean bada bihotz bat, gainontzekoekin komunikatu gura duena, bizitzako arazo zentraltzat baitauka zelan apurtu bakardadearen katea, zelan jarri harremanetan besteekin. Idaztea ere horrexetarako bidea baino ez zen izan beretzat: “Lur baten antzekoa haiz/ inork esan ez duena./ Hik ez dun deus itxaroten/ ez bada hitza/ hondotik erneko dena/ adaxka arteko fruituaren antzera”.

Deja un comentario