La Cumbre jauregia Donostiaren esku uzteko eskatu dute

Espainiako Kongresuko EH Bilduren taldeak Aieteko La Cumbre jauregia Donostiako Udalaren eskuetan uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Memoria Demokratikoaren Legearen aurrean aurkeztutako zuzenketa batean. EH Bilduk, ERCk, BNGk, Juntsek, CUPek eta PDeCatek batera aurkeztutako zuzenketa multzoaren barruan dago La Cumbrerena, eta “garrantzi historikoa” argudiatuz egin dute eskaera.

Frankismoaren garaian, diktadoreak Donostian pasatzen zituen udak, eta La Cumbren egiten zituzten udako ministro kontseiluak. Ordea, bereziki ezaguna da Guardia Zibilak han torturatu zituelako Lasa eta Zabala, 1983an. Gaur egun, Espainiako Estatuaren mende jarraitzen du. Hain zuzen, berriki, EH Bilduk Kongresura eraman duen eskaera egin du Aieteko Lantxabe Auzo Elkarteak ere.

Horrela, Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta, asko jota, hamabi hilabetera, eraikinaren lagapena gauzatzeko hitzarmena egiteko eskatu du EH Bilduk bere eskaeran. Eraikinaz gain, lursaila eta jauregiaren barruko altzariak, dokumentuak eta bestelako objektuak ere lagapenaren barruan sartzeko eskatu dute.

Beñat Parra

2021/11/15

Deja un comentario