Basoz baso

Orbel lehorra zapaltzean kriski-kraska basoan. Alfonbra bat dela esan nezake, baina eskas geratzen zait hitza: azal bat da orbelak lurraren gainean osatzen duena, hostoz hosto, inolako itsasgarriren beharrik gabe, horitik marroiraino, gorriztetatik pasatuz, eta hosto bakoitzak bere ñabardurak hartzen eta erakusten dituela.

Céline Sciamma zuzendari frantziarrak, Petite Maman (2021) pelikulan, horrelakoxe baso bat aukeratu du eszenatoki nagusitzat. Badoa neskatoa amak txabola egiten omen zuen tokira eta han, beheran, agertzen zaio beste neskato bat adar handi bat karreatzen, txabola altxatzeko. Hortik aurrera, basoa izango dute topaleku zortzi urteko bi neskek.

Sekula ikusi dudan filmik femeninoena da Petite Maman. Hiru belaunaldi, emakume adinekoetatik neskatoetaraino, tartean amak. Gizon bakar bat ageri da, paper nahiko mengelean. Nolanahi ere, hark aho txikiarekin egiten duen aitorpenak badarama karga. «Umetako beldurrik handiena?» galdetzen dio alabak. Erantzuna: «Aitari niona».

Bistan da Sciammak ez duela basoa agertokitzat aukeratu udazken koloreen festarengatik bakarrik. Txanogorritxo ipuinaren arabera, basoa arriskutsua da neskatoentzat, otsoa zain amonaren etxerako bidean. Filmeko neskek, ordea, basoa bere egiten dute, adarrekin babestokia eraikiz. Basoaz jabetzen diren neurrian beren buruaz jabetzen doaz: emantzipatu egiten dira. Arantxa Iturbek aspaldi heldu zion lerro horri, Txanogorritxoren bertsio berriak eraikiz, Amona basoan galdu zenekoa (2005) liburuan.

Baso hitzak dezenteko jokoa ematen du euskaraz: hor dago Basajaun pertsonaia mitologikoa. Haren ondoan Basandere, hiztegietan oraindik Basajaunen emazte gisa definitzen dena. Basomutilen aldaera femeninorik ez dago hiztegian. Basozain neutroa da, zorionez. Basapiztia, hitzak adierazten duen bezala, animalia basatia da lehen adieran… eta giza abereari ere suelto aplikatzen zaio. Basatia salbaiaren sinonimoa da; basoak badu iruditeria kolektiboan alde beldurgarri hori. Eta, proportzio berean, baita erakarmena ere, xarma, melankolia ukituarekin bada ere.

Diziplina guztietako artistentzat izan da eta da inspirazio iturri basoa. Urrutira joan gabe, hor daukagu Ibarrolaren Omako baso sorgindua. Basoetan zehar, zenbat aldiz topatzen ditudan Bixente Ameztoik surrealista bihurtzen zituen zoko umel erdi ezkutuko horiek. Schuberten Winterreise-n Neguko bidaia baritonoak kantatzen duen maitemin zapuztuaren saminari mendi eta baso elurtuak gailentzen zaizkio. Tartean, erortzear dauden hosto koloreztatuak ere bai.

«Mugimendu leun batekin askatu da hostoa zuhaitzetik. Beheranzko bidea hasi du, eta dantzan ari da albo batetik bestera, poliki, haize finaren bultzada txikien eraginez». Pasarte hau ez da Schubertek musikatu zituen poemetatik hartua, ez. Pasarte hau Amaia Ramirez de Okarizen Udazken koloreen albo paisaiak lanekoa da (BERRIA, 2021-11-21). Gasteizko Florida parkean kokatutako erreportajeari hasiera horixe eman zion kazetariak: hosto erortzearen deskripzio bikaina.

Deforestazioa izan da hitz giltzarria aurreko asteetan, Glasgowko COP26 goi bileran hartutako akordioaren harira. Kontua da akordioaren eraginkortasunari dagokionez ez duela inork eszeptizismoa ezkutatzen, ez bakarrik agenterik kritikoenek. Deforestazioaren atzean dagoenaz jabetzeko, Iñaki Petxarromanek Glasgowtik bidalitako Oihanaren zaintzaileak kronikan (BERRIA, 2021-11-13) klabea. Amazonia Ekuadortarreko ordezkari baten hitzak: «Gure lurraldea bizitzaz beterik dago. (…) Guk ez dugu salgai egon nahi. Guk bizitza sustatzeko proiektuak ditugu, osasunean, hezkuntzan, garapenean… Gure modura egin nahi dugu aurrera, ez gobernuak agintzen digun moduan». Petite Maman-eko nesken belaunaldian itxaropena.

Elixabete Garmendia Lasa

Berria

Deja un comentario