Aieteko osasun zentroak PIZTU programarekin bat egin du

Donostia Kirolak eta Osakidetzak antolatutako PIZTU programan Aieteko Osasun Zentro berria eta Etxadi Kiroldegia sartu dira. Donostia Kirolak urtero 80.000€ inguruko aurrekontua bideratzen du programa finantzatzeko.

Aieteko Osasun Zentroa. (Argazkia: Inaxio Esnaola Aranzadi)

Programa hau jarduera fisikoa egiteko preskripzio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua da, aktibo ez dauden pertsonentzat gehienbat. Helburua pertsona ez-aktiboak jarduera fisikoa egitera bultzatzea da, haien osasuna hobetzeko. Horrela, bat egin duten zentroetako medikuek edo erizainek ‘kirol-errezeta’ gomendatzen die gaixoei; hau da, jarduera fisikoa, eta Donostia Kirolaren orientatzailearengana bideratzen dituzte. Horrek, kiroldegietan nahiz osasun-zentroetan, jarraipena egingo dio 12 hilabetez, agindutakoarekin bat datorren ikusten joateko.

PIZTU programa 2017tik dator, eta 700 pertsona inguruk jaso dute kirol-errezeta. Horietatik %70ek erregularki egiten dute kirola. %66 emakumeak dira, eta %75 50 urte baino gehiagokoak. Patologiei dagokienez, ohikoenak obesitatea (%30), hipertentsioa (%28), diabetesa (%15) eta artrosia (%12) dira.

Esan daiteke programa fruituak ematen ari dela; izan ere, emaitza onak jasotzen ari dira. Kontuan izanda MET indize metabolikoa neurtzeko unitatea dela (atsedenean dagoen batek kontsumitzen duen energia kantitatea), parte hartzaileen %70ak 300 baino gutxiagoko met-a erakusten zuen joan aurretik. Sei hilabetera, %15ek mantentzen dute soilik. Gainera, %21 jaisten da erortzeko arriskua.

Osasun taldeak ere sortu dira programaren barruan, patologia jakin batzuk dituztenak edota jarduera erregularra egiten dutenak adibidez. Eragin positiboa du horrek bilakaeran.

Idaira Agirregomezkorta

Deja un comentario