Parketarrak egitasmoaren udaberriko saioak iragarri dituzte

Gaurtik hasita hilaren 28ra bitarte, Donostiako hamabost auzotan egingo dute Parketarrak egitasmoa. Helburu nagusia da haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea. Udaberriko lehen saioak gaur hasi dira Morlansen, Txomiñenean eta Herreran. Hemendik aurrera, hiriko auzoetako hogei parke eta plazetan euskaraz aritzeko aukera eskainiko da doan.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeekin elkarlanean antolatzen dute Parketarrak egitasmoa. Aldiz, Urtxintxa eskolak egiten ditu, bi programatan banatuta:bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

Udalak jakinarazi duenez, otsailean eta martxoan antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 478 haurrek eta 113 gurasok parte hartu zuten. Guztira, 105 saio antolatu ziren neguan. Udaberrian, egitasmoa 15 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erribera, Txomiñenea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans eta Ibaeta. Donostiako auzo gehienetan Euskara Batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan.

Deja un comentario