“Gizon Ikusezina” (hitzaurrea). Ralph Ellison (1952)

euskaratzailea: Miel A. Elustondo

Gizon ikusezina naiz. Ez, ez naiz iratxoa, Edgar Allan Poe sorgintzen zuten haiek bezalako bat; ezta zuen Hollywood filmetako ektoplasma horietako bat ere. Materiadun gizona naiz, hezur-haragizkoa, zuntz eta likidozkoa, eta esan liteke adimena ere badudala. Ikusezina naiz, jakin ezazue, jendeak ni ikusteari uko egin diolako, ez da beste arrazoirik. Zirkuetan ikusten ohi dituzuen bururik gabeko gorputz horien modukoa naiz, beira zurrun distortsionagarriz egindako ispiluek inguratuko banindute bezala da. Hurbiltzen zaidanean ere, jendeak ez du nire ingurua baizik ikusten, edo bere burua ikusten du, edo bere irudimenak sortutakoa. Nolanahi ere den, ni ez beste guztia ikusten du.

Nire ikusezintasuna ez da, zehatz esateko, nire epidermisaren istripu biokimikoaren ondorio. Hizpide dudan ikusezintasun hau nirekin harremanetan jartzen den jendearen begien antolamendu bereziari zor zaio. Errealitateari begi fisikoen bidez begiratzen dioten begi horien barne-begiradaren eraikuntzaren emaitza da. Ez naiz kexu, ez naiz protesta jotzen ari ere. Zenbaitetan abantaila ere bada inork zu ez ikustea, nahiz eta gehiagotan gertatzen den horrek zu zeure onetik ateratzea. Bestalde, etengabe egiten duzu talka ikusmen urrikoen kontra. Sarri, zalantza egiten duzu benetan existitzen ote zaren. Zeure buruari galdetzen diozu besteren gogoan ez ote zaren mamu bat baizik. Nolabait esanda, amesgaiztoa bateko irudi bat, lotan dagoenak bere indar guztiz desegin nahiko lukeena. Horrela sentitzen zarenean, erresuminik gabe, jendeak egiten dizkizun talkak itzultzen hasten zara. Eta, aitor dezadan, horrelaxe sentitzen zara denbora gehienean. Min egiten dizu benetako munduan existitzen zarela, eta hots eta estutasun guztiaren parte zarela zeure burua konbentzitzen jardun beharrak, eta zure ukabilekin oldartzen zara, maldizioka erasotzen diezu, arao eta birao, ezagut zaitzaten. Baina, ai!, gutxitan lortzen duzu helburua.

Gau batez, nahigabe talka egin nuen gizon baten kontra, eta, beharbada, inguruko ilunpeagatik, ikusi egin ninduen, eta iraindu. Oldartu egin nintzaion, berokiko hegaletatik heldu eta desenkusa zedila eskatu nion gogor. Gizon garai ilehoria zen, eta nire aurpegia harenera hurbildu zenean, bere begi urdinetan barrena lotsagabe begiratu eta iraintzen hasi zitzaidan, eta borrokan ari ginen bitartean haren arnasa beroa sumatu nuen neure aurpegian. Neure burugainaz bete-betean jo nion kokotsean, westernetako indiarrei egiten ikusia nien moduan, eta haren haragi urratua eta handik zerion odola sentitu nituen, eta garrasi egin nion: “Desenkusa hadi! Desenkusa hadi!”. Baina maldizioka eta borrokan segitu zuen, eta behin eta berriz eta askotan jo nuen, harik eta halako batean astun erori zen arte, belauniko, odola parrastaka zeriola. Ostikoz jo nuen behin eta berriz, amorraturik, irainka jarraitzen zuelako, ezpainak odoletan blai zituen arren. O, bai, horixe, ostikoz jo nuen! Eta, amorrarazirik bainengoen, labana atera nuen, gizonari eztarria mozteko prest, hantxe, farolpean, kale huts hartan bertan, esku batez lepotik heldua nuela, eta neure hortzekin labana irekiz. Baina, orduan, bururatu zitzaidan gizon hark, egia esanda, ikusi ere ez ninduela egin; berak zekienaren arabera, esna zegoela izandako amesgaizto baten erdian zegoen, inondik ere! Eta labanaren ahoa geldiarazi nuen, airea ebakiz, gizona niregandik urrun bultzatzen nuen bitartean, kalera itzultzen utzirik. Zorrotz begira gelditu nintzaiolarik, auto baten argiek urratu zuten ilunpea. Hantxe zetzan, asfaltoan auhenka; hantxe gizon bat, mamu batek ia hil zuena. Zeharo aztoratu ninduen pentsamendu horrek. Haserre eta lotsatuta nengoen, biak. Mozkorturik bezala nengoen, neure hanka ahulduen gainean ziraldoka. Bat-batean, oso ondo pasatzen hasi nintzen. Gizon honen buru handian zerbait piztu zen, eta hil baino izpi bat lehenago loratu zitzaion. Barrez hasi nintzen deskubrimendu ero hura egin nuenean. Hilzorian zegoela esnatu al zen? Heriok berak askatu ote zuen esna bizi ahal izan zezan? Ez nuen denborarik galdu. Korrika abiatu nintzen ilunpean barna, barruan zerbait hautsi ote zitzaidan beldurrez, hainbesteko barre algara egin bainuen! Biharamunean haren argazkia ikusi nuen Daily News-en; “eraso” egin ziotela zioen argazki-oinak. Gizajo zoroa, gizajo zoro itsua, pentsatu nuen, zinez eta benaz errukiturik, gizon ikusezinak “erasoa”.

Gehienetan (nahiz eta, garai batean ez bezala, orain nahiago dudan nire bortizkeria ez ukatu, ezikusi eginez, adibidez) ez naiz oso-oso bortitza. Gogoan hartzen dut ikusezina naizela eta astiro-astiro ibiltzen naiz oinez, lotan direnak esna ez daitezen. Batzuetan hobe izaten da haiek ez esnatzea; gauza gutxi dira munduan sonanbuluak bezain arriskugarri. Garaiz ikasi nuenez, posible da haiekin borrokatzea, beraiek konturatzeke ere. Esaterako, aspaldi honetan Monopolated Light & Power-en kontra borroka egin dut. Haien zerbitzuak erabili ditut, batere ordaindu gabe, baina haiek ez dakite ezer. O, bai, badute susmoa argindarra osten dietela, baina ez dakite non. Zentral elektrikoko kontagailu nagusiaren arabera, korronte kantitate handi bat desagertzen da Harlemgo oihanean, non edo non; hori besterik ez dakite. Barregarriena da, ordea, ni ez naizela Harlemen bertan bizi, ondoko auzo batean baizik. Zenbait urte atzerago (ikusezina izateak duen abantailaz jabetu baino lehen, esan nahi dut), zerbitzua kontratatu eta gehiegizko tarifa haiek ordaintzeko ohiko bidea egitea onartzen nuen. Baina kito da. Bertan behera utzi nuen dena, nire apartamentuarekin eta lehengo bizimoduarekin batera. Bizimodu hark oinarri ustela zuen: ni ikusgarria nintzela, gainerako gizonak bezalakoa. Orain, nire ikusezintasunaren jakitun, errentarik ordaindu gabe bizi nauzue zurientzat baizik ez den eraikin batean, XIX. mendean kondenatu eta ahantzirik utzi zuten sotoko alderdi batean, gau batez Ras Suntsitzailearengandik ihesi nindoala aurkitu nuen lekuan. Baina hori istorioa gehiegi aurreratzea da, ia amaieraraino joatea, nahiz eta amaiera hasieran dagoen, eta hori oso urrun dago oraindik.

Kontua da etxe bat aurkitu nuela, edo zulo bat lurrean, nahiago baduzue. Hala ere, ez ezazue okerreko ondoriorik atera nire etxeari “zulo” esan diodalako, ez pentsa hilobi bat bezain hotz eta hezea denik; zulo hotzak eta zulo goxoak daude. Nirea goxoa da. Eta, gogoan har, hartza bere zulora sartzen da neguan, hantxe bizi da udaberri arte; orduan, oskola hausten duen Bazko txitoak egiten duen moduan, bizi-bizi irteten da handik. Hau guztia esaten ari naiz, zuei erakusteko okerra dela —ikusezina naizelako, zuloan bizi naizelako— hilik nagoela ondorioztatzea. Ez nago hilik, ezta bizi-konstanteak etenda ere. Esadazue Jack Hartza, hibernazio egoeran bainago.

Nire zuloa goxoa da, eta argitasunez betea. Bai, argitasunez betea. Ez dakit nire zulo hau baino leku argitsuagorik izango ote den New York osoan, Broadway barne dela. Edo Empire State Building-a bera ere kontuan hartuta, argazkilari baten ametsetako gauean. Baina hau zuei abantaila hartzea da. Leku bi horiek gure zibilizazioko —barkatu, gure kultura osoko (alde handia baitago, jakin dudanez)— leku ilunenetakoak dira, eta horrek amarrua eman lezake, edo kontraesana, baina horrela (kontraesanez, esan nahi dut) mugitzen da mundua: ez gezi baten moduan, ezpada bumeran bat bezala. (Kontu ibili historiaren espiralaz mintzo direnekin: bumerana prestatzen ari dira. Hobe duzue altzairuzko kaskoa eskueran izan). Badakit; hainbeste aldiz jo nau bumeranak buruan, ezen argitasunaren iluntasuna ikus baitezaket orain. Eta argia maite dut. Beharbada, harrigarria irudituko zaizue gizon ikusezinak argia behar izatea, argia nahi izatea, argia maite izatea. Beharbada, ikusezina naizelako da hori horrela. Argiak nire errealitatea berresten du, nire eitea egituratzen du. Egun batean, neska eder batek kontatu zidan behin eta berriz izan ohi zuen amesgaiztoa, non bera gela handi ilun baten erdian zetzan eta aurpegia puzten sentitzen zuen, harik eta, eiterik gabeko masa bihurtuta, gela osoa bete arte, eta bitartean, begiak tximinian gora zihoazkion, behazun salda batean nahasirik. Berdin gertatzen zait niri ere. Argirik gabe, ikusezina ez ezik, eiterik gabea ere banaiz; eta norberak duen eitearen jakitun ez egoteak heriotza bizitzea esan nahi du. Ni neu, hogeitaka urte bizi eta gero, ez nintzen bizitzera heldu nire ikusezintasunaz jabetu nintzen arte.

Horrexegatik ari naiz borrokan Monopolated Light & Power-en kontra. Horixe da arrazoirik sakonena, esan nahi dut. Bizirik nagoela sentiarazten nau. Neure burua babesten ikasi dudan arte diru parrasta kendu didate; horregatik ere borroka egiten dut haien kontra. Sotoko zuloan 1.369 argi daude, zehatz. Oso-osorik kableatu dut sabaia, tarterik txikiena ere utzi gabe. Eta ez lanpara fluoreszenteak erabiliz, zaharrago batzuk baizik, kontsumo handiagokoak, filamentu erakoak. Sabotaje ekintza, alegia. Horma kableatzen hasita nago orain. Ezagutzen dudan gizon batek, erabilitako gauzen tratulari denak, etorkizun-sen handikoa bera, kablez eta entxufez hornitu nau. Ekaitza izan, uholdea izan, ezerk ere ez du eragotziko gero eta argi gehiago, gero eta distiratsuagoa, izateko dugun premia ez asetzea. Egia argia da, eta argia egia da. Lau hormak amaitzen ditudanean, zoruarekin hasiko naiz. Nola egingo dudan, ez dakit. Ni bizi izan naizen bezain luze bizi izan zarenean ikusezin, halako lañotasun bat garatu ohi duzu. Konponduko dut arazoa. Beharbada, ohean nagoen bitartean nire kafeontzia surtan jartzeko tresna bat asmatuko dut, eta, are, baliteke ohea berotzeko tresna bat ere asmatzea, aldizkari bateko argazkian ikusi nuen morroiaren gisan, bere oinetakoak berotzeko tresna bat asmatu baitzuen! Ikusezina izanagatik ere, hojalateroen Amerikar tradizio handiko kide naiz. Horrek Ford, Edison eta Franklin-en senide egiten nau. Beraz, teoriaren eta kontzeptuaren jabe naizenez, esadazue “pentsalari-hojalatero“. Bai, neure oinetakoak berotuko ditut; beharra ere badute, zuloz beterik baitaude. Hori eta gehiago egingo dut.

Irrati-fonografo bat dut orain; bost izateko asmoa dut. Nire zuloan akustika eskastxoa dago, eta nik, musika jartzen dudanean, dardara sentitu nahi dut, ez bakarrik nire belarriez, nire gorputz osoaz baizik. Louis Armstrongen bost grabazio aditu nahiko nituzke “What Did I Do to Be so Black and Blue” (Zer egin nuen hain beltz eta triste izateko?) kantari eta joka, bost grabazioak aldi batean. Zenbaitetan, Louis aditzen dut nire postre faboritoa jaten ari naizen bitartean, bainila izozkia basaran- eta ginebra- likorearekin. Likido gorria izozki tontor zuriaren gainera isurtzen dut, nola irristatzen den begira-begira egoten naiz, Louisek tresna militar hari soinu lirikoen erasoaldi bat erauzten dion bitartean. Beharbada, horregatik gustatzen zait Louis Armstrong, ikusezintasunetik poesia sortu duelako. Ikusezina dela ez dakielako da hori horrela, nik uste. Eta ikusezintasuna zer den jakiteak landu egiten dit haren musika ulertzen. Behin, zigarroa eskatu nuen batean, adar-jotzaile batzuek belarra eman zidaten, eta etxera iritsita, hura piztu eta fonografoa aditzen jarri nintzen. Arratsalde arraroa izan zen. Ikusezintasunak, utzidazue esaten, denboraren beste zentzu bat ematen du, apur bat desberdina; behin ere ez zoaz erlojuaren orratzekin batera. Batzuetan, aurrea hartzen dizute; beste batzuetan, ordea, atzean uzten dituzu. Denboraren joan sumagaitz eta etengabeaz jabetu ordez, haren adabegiez jabetzen zara, puntu horiek non denbora geratu egiten den edo jauzika hasten den aurrerantz. Eta zuk poliki-poliki balaztak zapaldu eta esker-eskuin begiratu duzu. Horixe aditzen duzu gutxi gorabehera Louisen musikan.

Behin, boxeolari profesional baten eta arlote baten arteko boxeo-saioa ikusi nuen. Boxeolaria arina eta harrigarriro zientifikoa zen. Gorputzetik erritmodun ekintza azkarreko emari bortitz bat zerion. Behin eta berriz eta askotan jo zuen arlotea, eta hark besoak jaso bere burua babestu besterik ez zuen egiten, harri eta zur. Baina, inork batere uste ez zuenean, arloteak, boxeo-eskularruen festa haren zirimolaren erdian, kolpe bat jo zion, eta zientzia, abiadura eta hanka-jokoa zerraldo erori ziren, hilda balego bezala. Apustu ona lurrean zetzan. Apustu zailak adabegian asmatu zuen. Arloteak aurkariaren denbora zentzuaren barruan sartu besterik ez zuen egin. Beraz, belarraren eraginpean musika entzuteko modu analitiko berri bat deskubritu nuen. Entzuten ez nituen soinuak ere jasotzen nituen, eta lerro melodiko bakoitza beregaina zen, argi nabarmentzen zen gainerako lerroetatik, bere pieza esaten zuen, eta beste ahotsek hitz egin zezaten zain geratzen zen, pazientziaz. Gau hartan, denboran ez ezik, espazioan ere entzuten ikusi nuen nire burua. Musikaren barruan sartzeaz gainera, haren hondoraino jaitsi nintzen, Dantek egin zuen moduan. Eta, tempo azkarraren arintasunaren azpian, tempo motelago bat eta haitzulo bat zeuden, eta bertan sartu eta ingurura begiratu nuen, eta emakume zahar bati entzun nion barne-minez beteriko espiritual bat kantatzen, flamenkoaren antzekoa zena, eta, haren azpian, beste maila bat beherago zegoen, non marfil koloreko neska eder bat ikusi bainuen, nire amarena bezalako ahotsa zuena eta erreguka, haren gorputz biluzia lortzeko lehian ari ziren esklabo-jabeen aurrean. Eta, horren azpian, beste maila bat aurkitu nuen are beherago, eta tempo bat arinagoa, eta baten batek oihu egiten zuela entzun nuen:

“Anaia-arrebak, gaur goizeko testua ‘Belztasunaren belztasuna” da.

Eta ahots multzo batek erantzun zuen: “Belztasun hori gehienbat beltza da, anaia, beltza gehienbat…”

“Hasieran…”

“Hasiera-hasieran”, oihu egin zuten.

“…belztasuna zen…”

“Segi…”

“…eta eguzkia…”

“Eguzkia, Kauna…”

“…odol kolore gorria zen…”

“Gorria…”

“Eta orain beltza da…”, predikatzaileak orro.

“…odol kolorea da…”

“Beltza, esan dut, da…”

“Segi, anaia…”

“…‘ta beltza ez da…”

“Gorria, Kauna, gorria: Gorria dela esan zuen!”

“Amen, anaia…”

“Beltzak harrapatuko zaitu…”

“Bai, harrapatuko nau…”

“…‘ta beltzak ez…”

“Ez, beltzak ez…!”

“Bai…”

“Bai, Kauna…”

“…‘ta ez”

“Aleluia…”

“…Eta aintza eta aintza, o nire Kauna, BALEAREN SABELEAN jarriko zaitu”

“Segi, anaia maitea…”

“…‘ta tentatuko zaitu…”

“Jaun Ahalguztiduna!”

“Nelly izeba zaharra!”

“Beltzak egingo zaitu…”

“Beltzak…”

“…edo beltzak desegingo zaitu”

“Ez al da egia, Kauna?”

Eta une horretan orro egin zidan ahots tronboi-tinbre batek: “Alde hemendik, zoro horrek! Zer, traizio egiteko asmotan?”.

Eta nire onera itzuli nintzen, kantu espiritualak kantatzen zituen emakume xaharra auhenka ari zela entzun nuenean:

“Hoa, madarika ezak heure jainkoa eta hil hadi”.

Geratu eta galdera egin nion, okerra non zegoen jakin nahirik.

“Ikaragarri maite nuen neure jabea, seme”, esan zuen.

“Gorrotatu behar zenukeen”, esan nuen.

“Hainbat haur eman zizkidan”, esan zuen, “eta nire haurrak maite ditudalako haien aita maitatzen ikasi dut, nahiz eta gorrotoa ere badiodan”.

“Ni neu ere duda-mudatan bizitzen ohitu naiz”, esan nuen. “Horregatik nago hemen”.

“Zer da hori?”.

“Ezer ez, ezer esan nahi ez duen hitz bat. Zergatik zure auhena?”.

“Auhenka ari naiz zergatik hil delako”, esan zuen berak.

“Hortaz, esadazu, zein ari da goian barrez?”.

“Nire semeak. Pozik daude”.

“Bai, ulertzen dut hori ere”, esan nuen.

“Barre egiten dut, baina auhen ere bai. Libre utziko gintuela promes egin zigun, baina behin ere ez zen gauza izan. Artean maite nuen…”.

“Maite zenuen? Esan nahi duzu…”.

“O, bai, baina are gehiago maite dut beste gauza bat”.

“Zer, gehiago?”.

“Libertatea”.

“Libertatea”, esan nuen. “Beharbada horixe da libertatea, hau da, gorrotatzea”.

“Ez, seme, maitatzea da. Maite nuen eta pozoia eman nion eta izotzak jotako sagarra bezala zimeldu zen. Orduan, umeek etxean egindako labanak hartu eta txiki-txiki egin nahi izan zuten”.

“Hemen nonbait okerren bat dago”, esan nuen, “nahasturik nago”. Beste zenbait gauza ere esan nahiko nituen, baina goiko solairuko barre algara handiegia zitzaidan, eta, aldi berean, auhenaren oso antzekoa, eta hura nire gainetik astintzen saiatuagatik ere, ezin izan nuen. Alde egitera nindoanean, zein libertateri buruz ari zen galdetzeko premia larria sentitu nuen, eta itzuli egin nintzen. Burua eskuetan zeukala eseri zen; auhenka ari zen, ahopean; tristurak hartua zion larru koloreko aurpegia.

“Andre zahar hori, zer da hainbeste maite duzun dena delako libertatea?”, nire buruko halako bazter batean sortutako galdera egin nion.

Harriturik zirudien, pentsakor ondoren, ez bai hurrena. “Ahantzi dut, seme. Guztiz nahasirik dago. Lehenengo, gauza bat dela pentsatu dut; gero, beste bat dela. Zorabioa eragiten dit. Inondik ere, burura etortzen zaidana nola adierazi asmatu besterik ez dut egin behar. Baina lan gogorra da, seme. Gauza gehiegi gertatu zaizkit, denbora laburregian. Sukarra izango banu bezala da. Oinez hasten naizen bakoitzean, burua zurrunbiloka hasten zait, eta erori egiten naiz. Eta hori ez pa‘a, mutikoak dira; barrez hasten dira eta arraza zuriko jendea akabatu nahi dute. Garraztuta daude, horixe dute…”.

“Baina zer diozu libertateari buruz?”.

“Utzi bakean, seme; buruko mina dut eta!”.

Eta utzi nuen, neu ere nahiko zorabiaturik ordurako. Ez nintzen oso urrun heldu.

Bat-batean, semeetariko batek, sei oin luzeko mutil handi batek alegia, hutsetik sortu eta ukabilkada bat eman zidan.

“Zer gertatzen da, motel?”, oihu egin nion.

“Amatxori negar eragin diok!”.

“Nola, ordea?”, esan nuen, kolpea saihesturik.

“Berari galderak eginez, horrelaxe! Alde egik hemendik, eta ez berriz etorri, hurrengoan horrelako galderak dituanean, heure buruari galdetu!”.

Haren esku harri hotzezko hark harrapaturik nindukan, haren hatzek zintzurra estutzen zidaten, itoko ninduela uste izan nuen, harik eta halako batean joaten utzi zidan arte. Ziraldoka nenbilen, zorabiaturik kasik, musikak modu histerikoan jotzen zuen nire belarrietan. Ilunpetan nintzen. Burua argitu zitzaidan halako batean ere, eta korridore estu ilun batetik barna abiatu nintzen; haren urratsak nire atzetik korrika zetozela aditzen nituela iruditzen zitzaidan. Minberaturik nengoen, eta nire baitan lasaitasun-, bake- eta isiltasun-irrika handia zegoen; egoera hartara sekula iritsi ezin izango nintzela uste nuen. Arrazoiren bat dela-eta, tronpetaren hotsa gorgarria zen, eta erritmoa, berriz, erotzeko modukoa. Bihotz-taupaden moduko tam-tam bat tronpetaren hotsa itotzen hasi zen, eta belarriak goraino betetzen. Ura edateko irrikatan nengoen, eta bidean nire hatzek ukitzen zuten tutu hotzean barna ura zihoala aditu nuen, baina ezin nintzen gelditu hori argitzeko, atzetik urratsak baitzetozkidan.

“E, Ras”, hots egin nuen. “Hi al haiz, Suntsitzaile? Rinehart?”.

Erantzunik ez, atzetik zetozkidan urrats erritmikoak besterik. Errepidea zeharkatzen saiatu nintzen behin, auto batek harrapatu ninduen eta hanka urratu, eta orroka jarraitu zuen aurrerantz.

Orduan, nolabait azpimundu hartatik irten eta azalera igo nintzen arin, eta Louis Armstrong-i entzun nion lañoki galdezka:

Zer egin nuen

Honen beltz

Eta triste izateko?

Hasieran izutu egin nintzen; musika ezagun hark ekintza eskatuko zidan, baina ni horretarako gai ez izan, eta, hala ere, han, azalaren azpian gelditu izan banintz, gerta zitekeen ni ekintzan saiatzea. Alabaina, orain badakit oso jende gutxik entzuten duela benetan musika hau. Aulki ertzean jarri nintzen izerdi patsetan, nire 1369 bonbila haietako bakoitza foku indartsu bat balitz bezala, Ras eta Rineharten ardurapeko hirugarren graduko itaunketa-saio indibidual batean. Nekagarria zen, arnasari ordubetean etengabe eustea bezala, eta gose handiko egunen ondotik datorren bake ikaragarri horren mende banengo bezala. Eta, guztiarekin ere, soinuaren isiltasuna aditzea esperientzia harrigarriro atsegina izan zen gizon ikusezin batentzat. Nire baitako bulkada ezezagunak deskubritu nituen, nahiz eta haien gonbitei ezin esan diedan “bai“. Harrezkero ez dut belarrik erre; ez, hala ere, ilegala delako, errealitateari bazterretik begiratzea aski zaidalako baizik (hau ez da gauza ezohikoa ikusezina zarenean). Baina errealitatea aditzea besterik da; ekintza galarazten du. Eta nahiz eta Jack anaia eta Ermandadean igarotako denbora galdu triste hura beti hor izan, ez dut ekintzan beste ezertan sinesten. Otoi, gogoan har definizioa: hibernatzea ekintza gehiagotarako ezkutuko prestaketa da.

Bestalde, drogak zeharo suntsitzen digu denboraren zentzua. Hori gertatuko balitz, beharbada goiz argitsuren batean ahantziko nuke sigi-sagaka bizi behar dudala eta edozein zorok ni harrapa nazakeela tranbia laranja edo hori batekin, edo behazun koloreko autobus batekin! Edo nire zulotik irtetea ahantz nezake ekintzarako garaia iristen denean.

Bien bitartean, bizitza gozatzen dut Monopolated Light & Power-en adeitasunezko dohaintzei esker. Zuek ikusten ez nauzuenez, ezta nire ondo-ondoan egonik ere, eta, zalantzarik gabe, nekez sinetsiko duzunez bizi naizela, ez zaio axola zuek jakitea eraikinera zetorren elektrizitate-linean juntura bat egin nuela, kablea sotoan dudan zuloraino eramateko. Ordu arte, ilunpetan bizi izan nintzen, non jazartzen baininduten, baina orain ikusten dut. Nire ikusezintasunaren ilunpea argitu dut, eta alderantziz. Eta, horrela, nire isolamenduaren musika ikusezina jotzen dut. Azken adierazpen honek ez du guztiz zuzena ematen, ezta? Baina zuzena da; zuek musika hau entzuten duzue, musika entzun egiten delako, eta nekez ikusten duelako inork, musikariek izan ezik. Ikusezintasuna zuri-beltzean jartzeko bulkada hau ikusezintasunaren musika sortzeko irritsa al da? Baina ni hizlaria naiz, hizlaria eta kalakaria. Benetan? Banintzen, eta, beharbada, berriro izango naiz. Batek daki. Gaixotasun guztiek ez dakarte heriotza; ikusezintasunak ere ez.

Entzun dut esaten duzuela: “Hori duk putakume beldurgarri arduragabea!”. Eta arrazoi osoa duzue. Berehalaxe esango dut zuekin ados nagoela. Inoiz izan denik eta izakirik arduragabeenetako bat naiz. Arduragabekeria nire ikusezintasunaren parte da; edozein modutara aztertzen duzula ere, ezeztapena da. Baina noren aurrean izan nezake ardura, eta zergatik izan beharko nuke, ni ikusteari uko egiten diozuela kontuan hartuta? Eta itxaron, zer neurritaraino naizen arduragabe aitortzen dudan arte. Ardurak aitortza du oinarri, eta aitortza hitzarmen modu bat da. Har dezagun kasik hil nuen gizona: nork zuen kasik hilketa izan zen haren ardura? Nik? Ez dut uste, eta ez dut onartzen hori. Ez dut irentsiko. Ezin didazue halakorik leporatu. Bultzatu egin ninduen, eta iraindu. Ezin al zion, bere segurtasunaren mesedetan, nire histeriari antzeman, nire “arriskugarritasunari”? Gizon hura, esan dezagun, galdurik zegoen ametsezko munduan. Baina ez zuen ametsezko mundu hori kontrolatu —ondo benetakoa izanagatik ere!—, eta ez al ninduen berak handik kanpo utzi? Eta Poliziari hots egin izan balio, ez al ninduten ni erasotzailetzat hartuko? Bai, bai, bai! Utzidazue zuekin ados egoten, neu nintzen arduragabea; labana hartu behar izango nukeelako gizartearen interes gorenak babeste aldera. Egunen batean, gisa horretako ergelkeriek ondorio larriren bat ekarriko digute. Amesti eta sonanbulu guztiek larrutik ordaindu behar dute, eta biktima ikusezinak ere guztion zoriaren ardura du. Haatik, gainetik kendu nuen ardura hori; nahasiegi nengoen, burmuinean borborka zebilzkidan ideia kontraesankor haien guztien artean. Koldarra nintzen…

Baina zer egin nuen honen tristea izateko? Izan egonarria nirekin.

Deja un comentario