Aieteko bizilagunek osasun zentro propioa dute

Bi urte inguruko lanen ondoren, Osakidetzak anbulatorioa martxan jarri du. Auzotarrei gutuna bidali diete irekiera jakinarazteko, eta osasun zerbitzuan izango dituzten aldaketen berri emateko.

Hilaren 12tik irekita dago Aieteko osasun zentroa. Auzotarren eskaera historikoa, azkenik, errealitatea da. Anbulatorioaren inaugurazio ofiziala egin ez badute ere, dagoeneko zerbitzu guztiak eskaintzen hasi dira. Aieteko bizilagunei gutuna bidali diete osasun zentro berriak eragingo dituen aldaketak azaltzeko. Garrantzitsuena da hemendik aurrera 12.500 auzotar inguruk anbulatorio propioa izango dutela. Orain arte, Amara Berriko eta Ondarretako osasun zentroetara joan behar izan dute.

Auzotarrek jaso duten gutunaren arabera, urtarrilaren erditik aurrera Aietekoa izango da beraientzat erreferentziazko osasun zentro berria. Horrekin batera, auzotar bakoitzari familiako mediku zein pediatra bat eta erizain bat adjudikatu diote. Horien izen-abizenak jakiteko osasun zentrora joan beharko dute. Era berean, aurreko anbulatorioan zituzten hitzordu guztiak baliogabetu dituzte. Beraz, osasun arreta jasotzeko beste egun eta ordu bat hitzartu beharko dutela adierazi diete. Hain zuzen ere, asteartetik auzotarrak anbulatoriora joan dira aipaturiko tramiteak egitera eta informazioa jasotzera.

Aieteko osasun zentroaren zerbitzu guztiak asteartean bertan ematen hasi ziren. Auzotarrek eskaintza zabala izango dute eskura: Familia Medikuntza –zazpi kontsulta–, Pediatria –bi kontsulta–, Erizaintza –zortzi kontsulta–, odola ateratzeko eta sendaketak egiteko zerbitzua, Errehabilitazio Psikiatrikorako Unitatea eta Emakumea Artatzeko zerbitzua.

Ibilbide luze baten bukaera

Aietek anbulatorio propioa izateko egitasmoa 2006an abiatu zuten hainbat auzotarrek. Osakidetzak proiektua ontzat jo ondoren, 2011n eraikina kokatzeko lursailaren bila hasi ziren. Azkenik, 2015eko martxoan egindako auzotarren batzarra erabakigarria izan zen, osasun zentroa eraikitzeko lursaila hautatu zutelako. Donostiako Udalak bi leku proposatu zituen, Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotzi zela, eta batzarrean parte hartu zuten 73 auzotarrek Aiete pasealekuko 27. zenbakiko lursaila aukeratu zuten.

Anbulatorioa eraikitzeko Plan Berezia 2016ko maiatzean onartu zuen udalak. Dena dela, Osakidetzak plana moldatu zuen zerbitzuak emateko azpiegitura hobeago bat behar zela argudiatuta. Horrek kostua handitu zuen, eta hasiera batean 2,2 milioi euroko aurrekontua aurreikusi bazen ere, azkenean 4,5 milioi euro ingurukoa izan da.

Lantxabe auzo elkarteak esan duenez, Aieteko osasun zentroak «ikusmin handia» sortu du. «Anbulatorioa hazten ikusi dute lursail konplexu batean. Eraikin ederra da, oso zuria». Donostiako Udalarentzat, berriz, «albiste ona» da osasun zentroa ireki izana. «Denbora luzez eskatzen genuen azpiegitura zen hau. Pasa den urteak atzerapenak ekarri dituen arren, merezi izan du itxaronaldiak», adierazi du Eneko Goia alkateak.

2021/01/15

Inaxio Esnaola

Deja un comentario